Eragile ezberdinek bat eginda antolatu dute martxoaren 8aren bueltako egitaraua

Uztarria.eus 2015ko ots. 25a, 10:07
Egitaraua antolatu duten eragileetako hainbat emakume, atzoko prensaturrekoaren ostean.

Bagoaz Azpeitia feministarantz! leloarekin egin dute Emakumeen Eskubideen aldeko Nazioarteko Eguna aldarrikatu eta ospatzeko deia Bilgune Feministak, Azpeitiko Emakume Mahaiak, Gaztetxeak, Natul euskara taldeak, Ernaik, Ta3 zineklubak, Baigerak, Sanagustin kulturguneak, Elkar-ekinek, Udaleko Gazteria sailak, Orkatz Kultur Elkarteak eta EH Bilduk.

Martxoaren 8aren bueltan aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko dira aurten ere Azpeitian. Emakumeen Eskubideen aldeko Nazioarteko Egunaren harira egitarau oparoa prestatu dute, elkarlanean prestatu ere, herriko hainbat eragilek. Bilgune Feministak, Azpeitiko Emakume Mahaiak, Gaztetxeak, Natul Euskara Taldeak, Ernaik, Ta3 Zineklubak, Baigerak, Sanagustin kulturguneak, Elkar-ekinek, Udaleko Gazteria sailak, Orkatz Kultur Elkarteak eta EH Bilduk Bagoaz Azpeitia feministarantz! leloarekin bat egin eta "herritar guztiak parte hartzera gonbidatu" dituzte.

Eragile horietako hainbat ordezkarik joan den astean prentsaurrekoa eman zuten, egitaraua aurkeztu eta aurtengorako prestatu duten irakurketaren berri emateko, "martxoaren 8a denon aldarrikapen bihurtzeko asmoarekin". Aipatutako Bagoaz Azpeitia feministarantz! leloa gogoan, hau da egin zuten adierazpena:

"Bagoaz Azpeitiko eragile anitzetako emakumeak aurtengo martxoaren 8a, Emakumeen Eskubideen aldeko Nazioarteko Eguna, aldarrikapenez bete eta elkarrekin ospatzeko.

Bagoaz jendarte eredu berri bat eraikitzera, bakoitza lanean eta borrokan gabiltzan eremutik. Gure aldarrikapena ez baita emakumeon eskubide lorpenera mugatzen, Azpeitia balore feministetan oinarritutako herri bat izatea nahi dugu; indarkeria matxistarik gabekoa, hezkidetzailea, zaintza eta bizitza erdigunean dituen eredu soziekonomikoan oinarritzen dena, aniztasun funtzionala duten pertsonez osatua, euskalduna, kultura kritikorako eta eraldaketa sozialera irekita egongo dena, jatorri desberdinetako herritarrez osatua eta ingurumenarekin konprometitua.

Hau guztia ez da egun batetik bestera lortuko, jendarte osoaren inplikazioa beharrezkoa izango da. Are gehiago, jendartean bizitzen ari garen balore tradizionaletarako inboluzioa kontuan hartzen badugu. Boterea krisi sistemikoaz baliatzen dabil emakumeoi gure rolaren arabera atxiki zaizkigun betebeharrak inposatzeko. Erasoaldi gogorrak jasaten ari gara; esaterako, Abortu Legearen aldaketak, LOMCEren inposizioa, TTIP akordioa...

Milaka arrazoi ditugu hau guztia ez dugula ez Azpeitian ezta Euskal Herrian ere nahi esateko".

Egitaraua

Joan den asteartean Izan zaitezke feminista euskalzale izan gabe? mahai-inguruarekin abiatu zen egitaraua, eta pasa den astelehenean Emakume kurduen borroka izan zuten hizpide Emakumeen Txokoan, bertan ibili zen Ainhoa Alberdiren eskutik. Egitarauak martxoaren 9a bitartean izango du jarraipena, ondorengo hitzorduekin:

  • Martxoak 6, ostirala, 15:00etatik 17:00etara: Gaztelekuan, helduentzat tailerra: Berdintasunean Jolastu. Oihana Etxebarrietaren eskutik. Ondoren, kontzertuak izango dira Orkatz Kultur Elkartean.
  • Martxoak 7tik 9ra (zapatua, igandea eta astelehena): Soreasun, zinea: Dos dias, una noche.
  • Martxoak 7, zapatua:
    • 11:30etik 13:30era, Emakumeen Txokoan, irrintzi tailerra.
    • 14:00etan, bazkaria Sanagustin kulturgunean. Prezioa: enplegudunak 18 euro, besteak 14 euro. Txartelak salgai Emakumeen Txokoan, Sanagustinen, Gazte Informazio Bulegoan.
    • 18:30ean, plazatik abiatuta, kalejira.
    • 20:00etan, udaletxeko arkupean, luntxa. Jarraian, Eme Sapiens ikuskizuna.
    • Ordu txikitan, Txarrantxan, DJ Fina y Segura.
  • Martxoak 8, igandea:
    • 11:00etan anbulatorioko paradan, autobusez Donostiara joateko. Han izango da Gipuzkoako manifestazioa.
    • 19:00etan, Sanagustinen, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua. Bertsolariak: Oihana Bartra, Nerea Elustondo, Alaia Martin eta Onintza Enbeita. Gai-jartzailea: Amaia Agirre. Musikariak: Ixak Arruti eta Eneko Sierra. (Sarrerak Sangustinen eta Emakumeen Txokoan salgai. Aurrez 6 euro, bertan 8 euro.