Lurraldebusek zerbitzu gehiago eskainiko ditu eskualdean martxoaren 1etik aurrera

Uztarria.eus 2015ko ots. 23a, 18:51

Azpeitia eta Azkoitia Zumarragako ospitalearekin hobeto lotu dira, Urola Erdiko herri nagusien lotura hobetuko dute Zarautzekin eta Donostiarekin, Errezil eta Beizamako zerbitzuak ere areagotuko dituzte eta ostiral iluntzetan, berriz, zerbitzuen ordutegia zabalduko dute linea nagusietan.

Igandetik aurrera, martxoak 1, hasiko da Lurraldebus Urola Erdirako diseinatutako autobus zerbitzu berritua eskaintzen. Zazpi linea arrunt eta gaueko bi linea daude Urola Erdian eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, hainbat hobekuntza izango ditu zerbitzuak aurrerantzean. Horrela, Azpeitia eta Azkoitia Zumarragako ospitalearekin hobeto lotu dira, Urola Erdiko herri nagusien lotura hobetuko dute Zarautzekin eta Donostiarekin, Errezil eta Beizamako zerbitzuak ere areagotuko dituzte eta ostiral iluntzetan, berriz, zerbitzuen ordutegia zabalduko dute linea nagusietan. Hauek dira bailarako autobus zerbitzu berrituaren ordutegiak-eta.

Foru Aldundiak azken urte eta erdian garatutako parte-hartze prozesuaren ondorio dira Gipuzkoako eskualde gehienetara zabalduko diren autobus zerbitzu berriak. Gipuzkoa osoan guztira 5.000 ekarpen baino gehiago jaso dituzte aipatutako prozesuan, eta haietatik %75 inguru onartu dituztela jakinarazi du Aldundiak.