Azkue SL enpresa martxo erdian irekitzea espero dute ordezkariek

Urola Kostako Hitza 2015ko ots. 20a, 11:06
Azkue enpresa barrutik. (Eneritz Albizu)

Epaileak erosketa onartu badu ere, zazpi entitatek helegitea jarri dute higiezinen inguruan, eta ebazpenaren zain daude abiatzeko. Egoitza prestatzen ari dira; gaur makina astunak iritsiko dira.

Azpeitiko Azkue SL altzari enpresa berria martxoaren 16ko astean irekitzea espero dute lantokiko ordezkariek, hala azaldu dio Urola Kostako Hitza-ri Xabier Oleaga sozietate laboraleko lehendakariak. Haien asmoa otsailean martxan hastea bazen ere, prozesua "geldirik" dago epaitegian; eta, legalki, ezin dute urratsik eman epailearen ebazpena jaso bitartean. Lantaldeak erabaki du lehen unetik parketak eta altzariak egiten hasiko direla: "Lan handia da; izan ere, fabrika batean bi lantegi irekiko ditu aldi berean". Hasiera modura, Azcue SL zaharrak berea zuen Nueva Linea altzariekin jarraituko du lantegi berriak.

Xabier Oleagak azaldu duenez, duela bi aste onartu zuten epaitegian Azcue y cia enpresa saltzea, Azkue lantaldeak ezarritako oinarriak errespetatuta. Hala ere, zazpi bankuk helegitea jarri diote ebazpen horri, higiezinen inguruko zazpi milioiko hipoteka dela-eta. Izan ere, epailearen erabakiaren ostean, bost eguneko epea izan dute haiek errekurtsoa jartzeko.

Beraz, Azkue enpresa berria "behartuta" dago erantzunaren zain egotera. "Helegiteak direla-eta, formalki ezin dugu itxi prozesua, eta langileek ezin dute lanean hasi", esan du Oleagak.

Hala ere, lehendakariak azaldu du beharrean hasteko "desiratzen" daudela, eta ez direla guztiz geldirik egongo epaileak erabakia hartu bitartean. Beraien helburua da epailearen ebazpena jakin bezain laster martxan hastea; eta, horretarako, egoitza prestatzen ari dira: garbiketa lanetan eta beharrezko baliabideak inguratzen. Dagoeneko sei eskari dituzte, guztira, 100.000 eurokoak. Hori dela-eta, Kataluniatik eta Espainiatik ari dira makinak Azpeitiko egoitzara eramaten. Esate baterako, atzo gaua eta gaur goiza bitartean makina astunak iritsi dira lantokira Logroñotik (Errioxa, Espainia), eta haiek kokatzen ari dira une hauetan; datorren asterako beste sei enkargu jasotzea espero dute. Oleagak azaldu duenez, besteak beste, xurgatzaile-industrialak jartzen egingo dute lana gaurkoan.

Azkue enpresa asko aldatu da azken hilabeteetan, dagoeneko makina berri asko daude egoitzan, eta bertako ingeniariak azaldu duenez, bi aste barru egurrarekin probak egiten hastekoak dira. Makina ia guztiak bigarren eskukoak dira; Oleagak azaldu duenez, krisiak jo dituen altzari enpresa asko itxi dira azken urteetan, eta haiei baliabideak erosten ari dira uneotan.

Proiektu berria

Azkue enpresako kideek joan den urtarrilaren 24an jakinarazi zuten 30 langilerekin hasiko dutela beraien jarduna, eta urtea igaro ahala 50 lanpostu sortu nahi dituztela. Bide beretik, 2016an 100 langile izateko apustua egin dute Azkue SL enpresako kideek. Produktuari dagokionez, "kalitate handiko" parketa ekoizten hasiko dira Azkue SL enpresan, baina "egurraren arloko ekoizpen integrala" egitera iritsi nahi dute etorkizunean.

Albistea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.