Amaia Zumeaga: "Profil ezberdineko emakumeak elkartu eta Indiako errealitatea hobetzeko proiektuak garatzea da helburua"

Uztarria.eus 2015ko ots. 23a, 18:19
Behetik hasita bigarren lerroan, makurtuta, ezkerretik hasita hirugarrena da Amaia Zumeaga.

Indian dabil azken asteetan Amaia Zumeaga (Azpeitia, 1994), Want Koop-eko lankideekin. Hainbat proiektu dituzte esku artean, eta horietako bat da Womeet, ekintzailetasunaren bidetik herrialde hartako emakumeen ahalduntzea bultzatzea xede duena. Egitasmoa garatzen laguntzeko diru-bilketarako crowfounding-a abian dute. Proiektuaren komunikazio arduraduna da Zumeaga, eta Womeet-ez gain Asia aldean bizitzen ari den esperientziaz hitz egin du Uztarriarekin.

Noiztik zaude Indian eta noiz arte?

Urtarrilaren 26an abiatu ginen Bilbotik Punera, eta martxoaren 16a arte Indian egongo gara. Tartean Mumbai, Kalkuta, Jaipur eta Agra ezagutuko ditugu. Eta ondoren Txinaruntz abiatuko gara, maiatzaren 8ra arte, han ere gure enpresaren proiektuak aurrera eramateko.

Zergatik India? Zerk eraman zaitu hara?

Lidergotza ekintzaile eta berrikuntza ikasketak egiten ari naiz, eta bertan sortu nuen Want Koop. enpresa; izan ere, hori da gure jakintza iturri nagusia. Horrez gain, talde lana, eginez ikasi eta bisio globalak lantzen ditugu. Azken hori garatzeko urtero atzerrira bidaiatzen dugu, tokian tokiko gizartea eta enpresa kultura ezagutzeko. Oraingoz, Finlandia eta Amerikako Estatu Batuak ezagutu ditugu, eta aurten Asia ezagutzera etorri gara, batik bat India eta Txina.

Zer da Want eta zer egiten duzu zuk kooperatiba horretan?

Want hamalau gazte ekintzailek 2012an sortutako enpresa da. Ikasten ari garen graduari esker, Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza, 'eginez ikasi' finlandiar metodologia barneratuta daukagu. Aurrera eramaten ditugun proiektuei esker, gure inguruan eragin positibo bat sortzen dugu. Lau lan ildo ezberdin ditugu: hezkuntza, internazionalizazioa, enpresen antolakuntzan aldaketak eta landa garapena.

Zer proiektu dituzue esku artean?

Bidaia honetan arlo ezberdinetako proiektuak ekarri ditugu: exportazioa, hezkuntza, enpresen berrikuntza, eta proiektu sozialak. Momentu honetan inpaktu handiena eragiten ari den proiektua Womeet da. Helburua, profil ezberdineko emakumeak elkartzea da, guztion artean Indiako errealitatea hobetzeko proiektuak garatzeko, beti ere ekintzailetasuna sustatuz haien artean. Modu honetan emakumeak indartuko ditugu, eta euren gizartean aldaketa sortzeko lehenengo urratsak egin. Sare sozialetan-eta ari gara egitasmoaren zabalkundea egiten; Facebook-en sortu dugu txokoan, esaterako. Womeet-en berri zabaltzeaz gain, proiektua finantzatzeko abian jarri dugun crowfounding kanpaina bultzatzen ari gara horrela.

Ekintzailetasuna modan dagoen kontzeptua da. Nola azalduko zenuke, zeuretzat, zer den ekintzailetasuna?

Egia esan, gaur egun edozein tokitan aurki ditzakegu ekintzaileak, baina niretzako ekintzaile izatea ez da enpresa bat sortzea soilik. Niretzako ekintzaile izatea bizitzeko era bat da, zure egunerokotasunean gauzak egiterakoan duzun jarrera, eta inondik ere ez pose huts bat. Ekintzailea den pertsona bat, ikasteko eta ezagutzeko izugarrizko jakin-mina duen eta energiaz beteriko pertsona da. Ez dugu erraz ematen amore eta egiten dugun guztia pasio eta gogo haundiarekin egiten dugu. Azken finean, ekintzaile bat 24 orduz da ekintzaile, eta egiten duen guztian lagatzen du bere marka.

Urolaben ere bazabiltza. Nola ikusten duzu proiektu horren orain arteko garapena?

Urolaben lehenengo bilera informala 2013ko abenduan egin zen eta ordutik etengabe hazten joan da. Saltsa askotan sartu gara, Azoka Herritik, herrigintza... ta horrez gain elkarte egin gara. Esan dezakegu izugarrizko aurrerapena egin dugula denbora gutxian eta oraindik asko dugula erakusteko.