Azpeitiko EH Bilduk datozen asteetan aurkeztuko du udal hauteskundeetarako zerrenda

Uztarria.eus 2015ko ots. 19a, 13:44

Koalizioaren arabera, "loteslea" izango da herritarren hitza, eta horrenbestez, datozen egunetan "herriko eragile guztiekin biltzeko konpromisoa" hartu dute. Azpeitiko EH Bilduk jakinarazi du datozen asteetan aurkeztuko duela datozen udal hauteskundeetarako zerrenda, zinegotzigaien funtzioekin-eta, koalizioaren batzar irekia egin ostean

Azpeitiko EH Bilduk jakinarazi du datozen asteetan aurkeztuko duela datozen udal hauteskundeetarako zerrenda, zinegotzigaien funtzioekin-eta, koalizioaren batzar irekia egin ostean. Duela bi hilabete inguru, Gabonen ostean, jarri zuten martxan koalizioak ordezkariak hautatzeko ariketa parte-hartzailea, eta 300 azpeitiar inguruk parte hartu dute horretan.

Bestalde, udal hauteskundeetako programa ere zehazten ari dira herritarrekin eta eragileekin, Puntuz puntu programaren baitan. Koalizioaren arabera, "loteslea" izango da herritarren hitza, eta horrenbestez, datozen egunetan "herriko eragile guztiekin biltzeko konpromisoa" hartu dute.

Horretarako, batzar irekiak, tailerrak, bilerak... egiten ari direla esan dute: "Azpeitian ditugun beharrak aztertu, proposamenak jaso eta batzar ireki batean erabakiko eta onetsiko den herri programa loteslea izango da".

Puntuz puntu ariketa urtarrilaren 31n abiatu zuen Azpeitiko EH Bilduk, eta 100 lagun inguru bildu zituen batzar irekian.