"Elikadura burujabetza eta nekazaritza iraunkorraren alde lanean jarraitzea" adostu du Gipuzkoako EH Bilduk Azpeitian egindako bilkuran

Uztarria.eus 2015ko ots. 19a, 09:51

Baigera aretoan egin zuten Gipuzkoako EH Bilduren programa zehazteko lan-saioa koalizioko politikariek eta herritarrek.

"EH Bilduren oinarria dira elikadura burujabetza eta nekazaritza iraunkorra", hala erabaki zuten atzo, asteazkena, Gipuzkoako koalizioak antolatuta Azpeitian egin zen bileran bildutakoek. Baigera aretoan egin zuten Gipuzkoako EH Bilduren programa zehazteko lan-saioa politikariek eta herritarrek.

Besteak beste, elikagaiak "negozio" bihurtu direla esan zuten bileran, eta nabarmendu zuten "bertako ohiko ekoizpen moduak eta salmenta zuzena suntsitu" direla. EH Bilduren aburuz, horren adierazle da baserritik bizi direnen kopurua %45 jaistea. Koalizioaren eta atzo bildutako herritarren hitzetan, erakundeek ahalbidetu dute, hein batean, elikaduraren negozio hori indartzea, eta Aldundiak beste joera bat hartu du jardun horretan.

Atzoko saioan bildu zirenek adierazi zuten "norabidea aldatu" duela EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian, eta honako adibideak jarri zituzten: "lanpostu berdeak, baserrietako bizimodua, bertako produktuen kontsumoa eta merkaturatzeko hurbileko bideak".

Atzoko bileran hala erabakita, ildo beretik jarraituko du lanean Gipuzkoako EH Bilduk datorren legealdian.