Azkoitian hasiko da gaur Bertso Astea

Uztarria.eus 2015ko ots. 19a, 11:51
Bertso Asteko kartela.

Erniarraitz Bertsozale elkarteak antolatuta Bertso Astea izango da gaurtik, otsailak 19, martxoaren 1era bitartean. Bertsoaren bueltan egitarau oparoa antolatu dute, eta Azpeitian ez ezik, Azkoitian eta Errezilen ere izango dira ekitaldiak.

Erniarraitz Bertsozale elkarteak aurten ere antolatu du Bertso Astea. Gaur, osteguna, hasi eta martxoaren 1ean bukatuko da. Egunotan hainbat ekitaldi izango da Azpeitian, Azkoitian eta Errezilen. Bertsoaren bueltan, kontzertua, dokumental emanaldia eta bertso-poteoa izango dira, besteak beste.

Gaur Azkoitian emango diote hasiera asteari. Izan ere, 19:00etatik aurrera bertso-poteoa egingo dute Sebastian Lizasorekin eta Amets Arzallusekin. Bihar, ostirala, Etxepare Rap-en emanaldiaz gozatu ahal izango da Azpeitiko Gaztetxean. 22:00etan hasiko da kontzertua, baina aurretik afaria izango da Gaztetxean bertan. Zapatuan bertso-merienda egingo dute Azpeitiko Ziripot soziedadean, 17:00etan. Igandean, berriz, haurrentzako Kulunkantauri emanaldia izango da Errezilgo Borondegi jatetxean, 17:00etatik aurrera. Asteari bukaera martxoaren 1ean, datorren igandean, emango dio Erniarraitzek. Eneko Dorronsorok zuzendutako Xalbador: izena eta izana dokumentala eskainiko dute 18:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.