Euskaldunenetakoa bai, baina etxeko erabileran beherako bidean

Uztarria.eus 2015ko ots. 18a, 18:54

1991tik 2011ra zortzi puntu egin zuen behera Azpeitian etxean nagusiki euskara erabiltzen dutenen kopuruak, lehen hizkuntza euskara duten herritarren kopuruaren bilakaerarekin bat eginez. 2011ko errolda kontuan hartuta, euskaldunak dira azpeitiarren %83,6 ia euskaldunak %8 eta %8,4 dira erdaldunak.

Azpeitia da 5.000 biztanletik gorako herririk euskaldunena. 2011ko errolda kontuan hartuta (14.015 biztanle zituen orduan), euskaldunak dira azpeitiarren %83,6 ia euskaldunak %8 eta %8,4 dira erdaldunak. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) irizpidea kontuan hartuta -Azpeitia UEMAren kide da 2008tik-, euskaldunen indizea %75etik gorakoa duten udalerriak dira udalerri euskaldunak. Indize hori kalkulatzeko, euskaldunen eta ia euskaldunen kopuruak batzen ditu UEMAk; horrenbestez, Azpeitian euskaldunen indizea %95,6koa da. EAEn 126 udalerri euskaldun daude eta horietako 56 dira UEMAren kide.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean antolatuta, Lurraldea eta hizkuntza II. Jardunaldiak egin zituzten otsailaren 5ean eta 6an Donostian. Jardunaldiotan azaldutakoen laburpena egin du Onintza Irureta kazetariak Argia-ko bere blogean. Han, besteak beste, Udalerri euskaldunak EAEn: egoera eta bilakaera, 1981-2011 lana aurkeztu zuen Soziolinguistika Klusterreko Iñaki Iurrebasok; 30 urteko bilakaera, denbora tarte horretako errolda datuak oinarrian dituena. "Euskarak atzera egin du udalerri euskaldunetan azken bi hamarkadatan", zioen Iurrebasok, aipatu lanaren ondorioen artean. Hiztunen gaitasuna, etxeko erabilera eta lehen hizkuntzaren faktoreak hartu ditu aintzat Iurrebasok eta, horien arabera, "udalerri euskaldunenen artean, euskaldunenetan egin du atzera euskarak", azaldu zuen jardunaldietan.

Kopuruari eutsiz, etxeko erabileran behera

Eta Azpeitiaren kasua izan daiteke Iurrebasok aurkeztutako lanak aditzera ematen duenaren adibide. Euskaldunen kopuruari dagokionez, 1981ean eta 2011n paretsu zebilen Azpeitia: euskaldunak %83 ziren herrian 1981ean, eta %83,6 2011n. Tartean, baina, izan ziren euskaldunen kopurua goragotik ibilitako urteak ere: %87,5 1991n eta %87,8 2001ean.

Lehen hizkuntza euskara dutenen eta etxean nagusiki euskara darabiltenen kopuruetan, aldiz, beherako joera somatzen da Azpeitian. Lehen aldagaiaren kasuan, 1986tik 2011 arteko datuak alderatu dituzte Udalerri euskaldunak EAEn: egoera eta bilakaera, 1981-2011 lanean; bigarren aldagaiaren datuak, berriz, tarte laburragokoak dira, 1991tik 2011rakoak. 1996an, azpeitiarren %84aren lehen hizkuntza euskara zen; 2011n, berriz, kopurua %75,8koa zen. Etxean nagusiki euskara darabiltenen kopuruak ere neurri beretsuan jaitsi ziren urte horietan: 1991ko %77,4tik, 2011ko %69ra.

Udalerri euskaldunak EAEn: egoera eta bilakaera, 1981-2011 lana osorik ikusi nahi duenak, UEMAren lotura honetan egin dezake.