Landa-eremuan iruzurrek gora egin dutela eta, adi ibiltzea eskatu du Ertzaintzak

Uztarria.eus 2015ko ots. 18a, 12:46

Ertzaintzak jakinarazi duenez, energia hornitzaile enpresa bateko kidea dela dio iruzurgileak, eta kontsumo tarifa jaistea eskaintzen du 50 euroren trukean. Biktima gehienak pertsona helduak direla jakinarazi direla adierazi dute. Urola Kostako bizilagunei eskatu die horrelako kasuren bat nabarituz gero, Urola Kostako ertzain etxearekin harremanetan jartzeko, 943 53 89 00 telefonora deituta.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, azken boladan iruzur kasu ugari izan da Azpeitiko landa-eremuan. Antza denez, energia hornitzaile enpresa bateko kidea dela dio iruzurgileek, eta kontsumo tarifa jaistea eskaintzen du 50 euroren trukean. Etxeko atera joaten da gizona, eta barrura sartzen ere saiatu izan da.

Biktima gehienak pertsona helduak direla jakinarazi du Ertzaintzak. Iruzurgilea, berriz, gizonezkoa dela eta energia enpresa ospetsu bateko txartela soinean daramala esan du.

Ertzaintzak zenbait gomendio eman ditu iruzurrak ekiditeko. Besteak beste, esan du, hitzordurik gabe gas edo argindar langileak etxean agertuz gero, akreditazioa eskatu behar zaiela langileei. Gainera, enpresako telefono zenbakira deitzeko gomendatzen dute, langileak identifikatzeko. Edozer zalantza izanez gero, etxeko atea ez irekitzeko esan dute. Adineko pertsonen kasuan, berriz, beste pertsonaren batekin egotea gomendatu dute. 

Bestalde, esan dute ez ordaintzeko "neurriz kanpokoak" diruditen diru kopuruak instalazioengatik edo ikuskapenengatik. Kasu horretan, ordainketa atzeratu dezakete herritarrek hurrengo ikuskapena iritsi arte.

Ertzaintzak jakinarazi duenez,iruzurrak ugaritu egin dira azken asteetan, eta Urola Kostako bizilagunei eskatu die horrelako kasuren bat nabarituz gero, Urola Kostako ertzain etxearekin harremanetan jartzeko, 943 53 89 00 telefonora deituta.