Umeen mozorro desfile jendetsuak uxatu du euria

Uztarria.eus 2015ko ots. 16a, 14:27

Karnabal giro bikaina ekarri dute Azpeitiko kaleetara astelehen eguerdiz umeen mozorro desfilean parte hartu duten ehundaka lagunek. Txiki eta heldu, imajinazioa, kolorea, umorea eta, batik bat, festarako gogoa goi-goian dituztela atera dira kalera Astelehen Karnabaleko lehen zita nagusian.

Igandean hainako zaparradarik gabe, baina euritsu joan da gaur ere goiza. Desfilea bere horretan egingo al zen zalantzak egon arren, parte-hartzaileak ez dira kikildu. Eta, sari gisara edo, desfilea hasteko unean bertan atertu du eta horrela eutsi dio ibilbide osoan zehar. Ibilbidea, hori bai, ohi baino laburragoa izan da. Ohi bezala Olazko Andre Mariaren plaza paretik abiatuta, Goikokalen behera Plaza Txikitik Enparanera eta handik zuzenean Erdikaletik gora etorrita, Plaza Txikian amaitu da kalejira. Hango sarreran banatu dituzte ohiko gozoki poltsak, eta horrela bukatu da eguerdi parteko festa.

Arratsaldean eta asteartean, gehiago

Eguerdian umeak bezala, helduak izango dira astelehen gauean mozorrotuta aterako direnak, sariketa eta guzti. Hona hemen arratsaldetik aurrerako egitaraua, eta Astearte Karnabalekoa:

16:30ean sokamuturra.

17:00etan haurrentzako tailerrak Olazko Andre Mariaren plazan.

19:30ean Udal Musika Bandaren kalejira.

19:30etik 23:00etara Dubots Fanfarrea eta Urolatarrak txaranga.

00:00etan Itsasiko ttuntturroak, Los Pasai txaranga eta Bricadeira perkusio taldea.

01:30ean mozorro lehiaketako sari banaketa udaletxean.

Otsailak 17, Astearte Karnabala:

6:15ean Udal Musika Bandaren goiz eresia.

06:45ean zezenaren irteera girotzeko Izarraitz txistulari taldearen eta Udal Musika Bandaren emanaldia.  

07:00etan sokamuturra.

12:00etan herriko banda gaztearen kalejira.

16:00etan umeentzako jolasak eta partea Olazko Andre Mariaren plazan.

16:15ean zezenaren irteera girotuko dute txistulariek, musika bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak.

16:30ean sokamuturra.

20:00etan suzko zezena plazan.