Dotoreziaz blai Txikiteo Elegantean

Uztarria.eus 2015ko ots. 15a, 15:51

Azpeitiko Karnabal festetako lehen egun handian, Elegante egunean, euri erauntsiz mozorrotuta esnatu da goiza, baina festarako gogoak gaina hartu dio mozorro desatseginari eta dotoreziaz blai egon dira kaleak eguerditik aurrera. Elegantez jantzitako eta bestelako, festarako gogoz atera dira azpeitiarrak kalera. Itsasikoen artzai-inudeen konpartsak ere egin du berea; kalejira osoa ezin izan dute egin, baina Frontoi Txikian aurkitu dute babesa eta han eskaini dute urteroko ikuskizuna, harmailak beteta zirela.

Arratsaldean, 16:00etan Haujijijaik antolatutako puru piztea izango da, eta ordu erdi geroago, berriz, sokamuturra hasiko da. 19:00etatik aurrera kalez kale dabiltzanek giroa berotzeko musikarik ez dute faltako, Skandalue elektrotxarangarekin eta Gau-Erdi txarangarekin.

Datozen egunetarako egitaraua

Bihar eta etzi ere ez da festarako aukerarik faltako. Hona hemen, Karnabalez gozatu nahi dutenentzako datozen egunetarako egitaraua:

Otsailak 16, Astelehen Karnabala:

10:00etan Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia.

11:00etan sokako zezena Erdi Kalean, eta zezen txikiak eta poniak plazan.

12:30ean herriko banda gaztearen kalejira eta umeen desfilea.

16:15ean zezenaren irteera girotzeko, Izarraitz txistulari taldearen eta Udal Musika Bandaren emanaldia.

16:30ean sokamuturra.

17:00etan haurrentzako tailerrak Olazko Andre Mariaren plazan.

19:30ean Udal Musika Bandaren kalejira.

19:30etik 23:00etara Dubots Fanfarrea eta Urolatarrak txaranga.

00:00etan Itsasiko ttuntturroak, Los Pasai txaranga eta Bricadeira perkusio taldea.

01:30ean mozorro lehiaketako sari banaketa udaletxean.

Otsailak 17, Astearte Karnabala:

6:15ean Udal Musika Bandaren goiz eresia.

06:45ean zezenaren irteera girotzeko Izarraitz txistulari taldearen eta Udal Musika Bandaren emanaldia.  

07:00etan sokamuturra.

12:00etan herriko banda gaztearen kalejira.

16:00etan umeentzako jolasak eta partea Olazko Andre Mariaren plazan.

16:15ean zezenaren irteera girotuko dute txistulariek, musika bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak.

16:30ean sokamuturra.

20:00etan suzko zezena plazan.

Azoka, astelehenean

Inauteriekin lotuta bada aurten nobedade bat. Izan ere, asteartetik astelehenera aurreratu dute asteroko azoka. Plazan eta azoka plazan egiten ari diren lanak direla eta, azokako saltokiak herriko txoko ezberdinetan barreiatuta jartzen dituzte azkenaldian, Donejakue kalean eta Olazko Andre Mariaren plazan, besteak beste. Horregatik, eta Astearte Karnabal goizeko zezena gogoan, astelehenera pasatu dute aurten azoka.