Jose Luis Otamendi: "Poema bakoitzak bere arnasa dauka"

Uztarria.eus 2015ko ots. 13a, 14:47

Uztarria herri aldizkariaren otsaileko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 169. zenbaki horretan Jose Luis Otamendi idazleari Kapital publikoa liburuaren harira egindako elkarrizketa luzea ekarri dugu hona.

Zortzi urte igaro dira azken liburutik.
 
Nire lan erritmoa, literaturari dagokionez, oso astiroa da. Lehen hiruzpalau urtero kaleratzen nituen liburuak, baina urteak erraz joaten zaizkit orain. Ez dut presaka ibiltzera behartzen nauen ezer, bizi dudan horrek jartzen nau gauza bati edo besteari begira. Nahi izaten duzu lehen esan ez duzun zerbait izango duen 'tasun'-en bat erantsi egiten ari zarenari, eta ez zaizkit hain erraz etortzen. Beti ere, aitortuta ez direla hain desberdinak izango esango ditudanak, eta aspaldiko hari batetik natorrela. Denbora era naturalean joaten zait gertaerei edo sentierei beste forma edo kutsu bat eman nahian. Batik bat, askatasuna daukadalako. Ez dut horren beharrik bizitzeko, lanbide bat badaukat, eta askatasun handia ematen dit nahi dudanean nahieran jarduteko. Baina exijentzia hor dago. Maila ona dago, orokorrean, eta besteen gauzak ikusita, ez dago edozein modutan muturra sartzerik. Ezin da plazara edozerrekin atera, eta horrek erreparo pixka bat ematen du.
 
Zenbat denboran aritu zara Kapital publikoa idazten?
 
Azken hiru udak hartu ditut lasaiago. Etengabe jarduten dut zerbait idazten, orriak narrasten. Serio antzera idazteko uda horiek aprobetxatu ditut, oporretan libreago egoten naiz eta. Zarauzko Susaren egoitzara joaten nintzen goizean goiz. Ordu ugariz, patxada ederrean aritzen ninten. Bi uda pasatu nituen horrela, eta begiz jota nuen 2014koa. Han jarri nuen topea. Huts edo bale, baina etorri behar badu, datorrela.
 
Liburuaren aurkezpenean "denona den hori da kapital publikoa" esan zenuen.
 
Izenburua aurkitzea kostatu zitzaigun. Bi adierarekin jokatu dut, batez ere. Alde positibotik begiratuta, kapital zibikoari edo zibilari egin nahi nion erreferentzia. Esan nahi nuen badirela egunero norberarentzat edo geuretzat hartzen ditugun eta, modu ez zilegian lapurtzen ez badizkigute behinik behin, inork kendu ezin dizkigun gauzak. Horiek dira kaleak, arnasten dugun airea, elkarbanatzen ditugun ohiturak, lagunarteak... Kapitalaren beste adiera da sistemak, kapitalak, kapitalismoak, nola zangopilatzen eta hankaz gora botatzen dizkigun ondare diren horiek. Nola jartzen gaituen geure zilborrera begira, dirua nondik lortuko, eta bizimodua aurrera ateratzeko modurik gogorrenari begira, askotan, elkarren kontra. Ondare behar genukeen hori zaintzeko aldarterik, aukerarik eta modurik ez dugula jartzen gaitu saldu edo erosten gaituen sistemak, eta gustuko ez ditugun gauza asko egitera behartzen gaitu.
 
Izenburua irakurrita, ekonomia liburua dirudi...
 
Nahita eginda dago. Bizi garen garai honetan, krisi ekonomikoa dela eta ez dela, ondo zetorkidan kapitalaren aipamena. Kapitala da ondarea, lana eta duintasuna, eta kapitala da hori dena azpikoz gora jartzen duena. Ekonomiaren keinu hori poesiara ekarri nahian, kapital publikoa bada nahi edo desio baten adierazpena. Liburuarekin etxetxoa edo aterpea  egin nahi izan diet neure ondaretzat ditudan gauza garrantzitsu guztiei: adiskidetasuna, maitasuna, elkartasuna... Eta, era berean, neure erara eta modu xumean, salaketarako plaza ere bilakatu nahi izan dut liburua.
 
Politika, sozio-ekonomia, gizarte gaiak... Orotarik landu duzu poemetan.
 
Gutxi-asko, nire ikuspegitik, horiek osatzen dute kapitala. Hainbesterako ematen du... Izan daiteke erdigunea, hiriburua. Kontu kapitala da kapitala. Oso garrantzitsua. Ez dakit koherentea den, baina diskurtso modu bat osatu nahi izan dut bizi garen garaiotan zutik eusteko, aurrera egiteko eta kemena izateko, modu artistikoan edo poetikoan esanda.
 
Zertan oinarritu zara idazterakoan?
 
Munduaren aurrean zaude beti. Nahi duzu garaiko izan eta erantzun bat eman ukitzen eta hunkitzen zaituzten gauzei. Estimulu horien aurrean zer sentitzen duzun eta zer proposatzen duzun  esan nahi duzu. Lehen esanda egongo da, beharbada hobeto, baina igoal nik esango dudan moduan ez, eta saiatu egin behar zerbait eskaintzen. Batik bat, bizi ditugun garaien isla dira hainbat gai, eta gizarte makur honek ezartzen dizkigun morrontzak-eta salatu ditut. Itxaropenari eusteko eta ardura zein kemena izateko nondik tira dezakegun ere begiratu dut, eta erakusteko modukoak direla iritzitakoak, lotsagarri gelditzekoak ez direnak, plazaratu.
 
Hiru atal ditu liburuak. Lehenengoan politikaz asko hitz egiten duzu. Bigarrena nola definituko zenuke?
 
Zubi lana da, eta definitzen zailena, akaso. Lehenengo atalean gaur eguneraino zerk ekarri gaituen azaltzen saiatu naiz. Oso presente daude memoria autokritikoa, eta baita errepresio egoeren salaketak edo gatazka deitu diezaiokegun horren gorabeherak ere. Aiete aurreko giroa nagusitzen da. Bigarrenean, Jendea oinez atalean, honako galderak edo planteamenduak egiten ditut: ondare edo zama hori etorri zaigu gainera, eta zer egin dezakegu elkarrekin? Hemen gaude, mahaiaren aurrean elkarrekin, eta zer atera dezakegu batera? Asko du lehenengo zatitik, eta zubi izan nahi du hirugarrenarekin. Aurrera begirakoak ere plazaratu ditut. "Zer egingo dugu maitasunarekin garaipenaren ostean", esaten dut olerki batean edo Iritsiko da eguna da beste poema baten izena, himno  itxura izan dezakeena; baina iristen bada eguna, egunero hor beharko dugu egon. Garrantzitsua da hankak lurrean ditugula esatea, gure izaera hor egongo dela eta hemen segituko dugula.
 
Hirugarrena intimoagoa da.
 
Lirikotasunetik-eta gehiago du, nahiz eta betiko ezpal horiek ere agertzen diren. Nahita, kapitala eta kapitalismoa zein Marx-eta agertzen dira. Ekonomia edo saiakera politikoarekin lotura dute poemek, baina intimoagoa da. Fokoa gertuago jarri nahi izan dut. Nitasunaren txikitasunean, gu horretara joaz, ageriago jarri nahi izan ditut norbere kontuak.
 
"Memoria zer den ez dakit, sikiera gorputz atala edo gaixotasuna balitz..." esanez hasten duzu liburua.
 
Liburuko lehen poema da, eta intentzio oso argiarekin dago eginda. Egiteke dagoen zerbait da, baina beti izango da osatu gabekoa, eta bihotzerrearekin bizi beharko dugun zerbait, erosoa izaterik ez duena, izango da. Arantza horiek beti mugituko zaizkigu barruan: egin ditugun gauzengatik, egin ez ditugunengatik, isildu dugunagatik, esan dugunagatik eta esan ez dugunatik. Hainbeste aipatzen den errelato horretan ekarpena egiten dut, neure kontakizunarena. Memoriari dagokionez, nik irekitzen dudan leihoa horretarako da; denok ia jartzen garen geuretik, geure astotik jaitsita, baina ez da erraza.
 
Nola definituko zenuke zure estiloa?
 
Garai baten idatzitakoek, beharbada, surrealismotik edo espresionismotik gehiago izango zuten, eta lirikotasuna ez dut guztiz utzi. 'Ismoak' hain dira arriskutsuak... Uste dut poesia askoz diskurtsiboagora pasatu naizela, baina ez dakit estilo bat daukadan. Hori da erronka, estilo propioa bilatzea. Nahi duzuna da gauzak eder antzera esatea eta zerbait esatea, eta ahaleginduko zara iristen batenbatengana. Hori da borroka handienetakoa. Beti kinka horretan gabiltza, iritsiarazi nahi eta adierazten duzunaren artean. Anbiziosoa izan behar da ahaleginean, onartuta, etsi egin behar duzula nahi duzun horretara iritsi gabe. 
 
Jendearengana iritsi nahia aipatu duzu. Liburuaren azalean ere jendea ageri da.
 
Izenburua bilatzea kostatu zitzaigun moduan, azalarekin ere komeria dexente izan genituen. Xabier Gantzarain eta Gorka Arrese batean eta bestean begira aritu ziren, eta alemaniar espresionista  baten irudiak hartu eta muntaia egin zuen Gantzarainek. Oso ederki islatzen du liburuak erakutsi nahi duena. Testuetan jende asko agertzen da, nitasunetik edo gutasunetik dago idatzita, baina jendea etengabe dabil. Zeharkako aipamenak, pertsonak eta jendea ageri dira. Kapital publikoa biltzeko tokia, elkargunea, da. Egin nahi dugun proposamenak edo artefakto poetikoak borondate komunitarioa duenez, jendea ondo txertatzen zela uste dugu.
 
Jendaurreko errezitaldiak ere egiten dituzu.
 
Emanaldiak dira jendearengana iristeko moduaren azken koxka. Hogeitaka urte dira errezitaldiekin hasi ginela. Poesia hain jardun bakartia izanda, esker onekoa da plaza lortzea, jendea aurrez aurre ikustea eta jendearegan erreakzioak sortzea. Horrek idazteko eran eragin dit. Lehen oso kontzeptu trinkoak, irudi garden eta hauskorrak bilatzera jotzen nuen. Gerora, arnas luzeko poesiara, esateko errazagoa edo aproposagoa izan daitekeenera jo dut. Hori bai, papererako edo jendaurrerako den diferentzia eginez. Beti egiten duzu aldaketatxoren bat. Gainera, Kapital publikoa izenburuak berak eskatzen du publiko egitea, jendaurrera eramatea. Sei-zazpi errezitaldi egin ditut jada. Masiboak ez dira izan, baina oso gustura egon naiz. 
 
Poema bat galizieraz idatzi duzu. Zer dela eta?
 
Lagun bat hil zitzaigun orain bi urte. Galiziarekin badugu zerbait. Lagun pare bat askotan joan izan gara hara, poesia eta ardoa tarteko. Salvatierra de Miñon (Pontevedra, Galizia) poesia jaialdi bat egin izan da. Hainbat tokitako poetak gonbidatzen zituzten. Duela hogeita hiru urte-edo joan ginen lehenengoz, eta hango poesiarekin eta hango jendearekin maitemindu ginen. Harrezkero, mantedu izan dugu harremana, baina lagunak hiltzen ere hasi zaizkigu. Poema da omenaldia kultur eragile handi bati, Manolo Soto zenari. Bera hil zenean han irakurri genizkion testuetako bat da liburukoa.
 
Beste hainbat pertsonari ere eskaini dizkiozu.
 
Bai, gehienak hildakoak dira, baina bizirik dagoen lagun bati ere idatzi diot. Esan nion "konpainia ederrean jarri haut". Hartzen dituzun zorrak edo eskertu nahi dituzun gauzak aipamen txiki batekin lagatzeagatik egindakoak dira. Hala nola, eskaini dizkiet Jon Antzari, Lasa eta Zabalari, koinata zenari, eta Xabier Bastarrika aspaldiko lagunari. 
 
Dozenaka poema jaso duzu liburuan. Idatzi zenbat?
 
Asko, baina hori lan metodoa da. Udan 103 poemarekin hasi nintzen, eta 45ekin argitaratu da.  Edizio lanak zorrotza izatea eskatzen du. Emaitza txukuna lortu nahi baduzu, zalantzan dituzun horiek kendu egin behar dira. Baditut 32 poema idatzi behar badituzte, horiexek, ez 33, idazten dituzten lagunak. Materiala metatzen joaten naiz. Testu asko izaten dira, ez dakit poema izena merezi duten. Egunerokoan txikikeriak idazten ditut eta aldea da jartzen zaren argitaratzera edo irakurtzera begira lanean. Xedearen arabera aldatzen da lana. Zeuretzat egiten duzu lan aurrena, baina asko erasaten dit helburuak.
 
Poema noiz dago bukatuta?
 
Poema bakoitzak bere arnasa dauka. Batzuetan oso argi ikusten duzu hasieratik, eta etorri ere hala egiten da, kanileko ura bezala. Besteetan, berriz, ezinean, mila buelta behar izaten ditu. Behin denbora pasatuta, lehen idatzitakoei ikusten dizkiozu distantziak emandako alderdi batzuk, eta "hau ez nikik horrela egingo" pentsatzen duzu. Baina argitaratutakoari errespetu bat zor diozu. Bukatuta noiz? Zeuk jarri behar diozu muga, entregatuta, beste zerbaitetara pasatuta, ez du merezi buru-neke gehiago esanda, edo gehiago ematen ez duelako. Seguru modu ederragoan esaterik badela, baina heldu diodan haria agortu zait. 
 
Zer da poesia zuretzat? 
 
Bizi osoan aldamenean dudan makulu garrantzitsua. Mundua edo eguneroko gauzak ikusten laguntzen eta beti erne egotea eskatzen didana. Pentsatzen dut beste arte diziplinek ere eskatzuko dutela erne egotea, nondik zer harrapatuko. Azkenean denok argi bila gabiltza, eta borroka horretan poesia lagun ona da. Bi ahoko ezpata on bat, besteei eskaintzeko ere izan dezakezuna; bi ahoak zorrotzak bai, baina zauri gozoak eragiten dituena.
 
Elkarrizketa batean diozu "zeuretzat tartea hartzeko" balio dizula idazteak.
 
Kontenplaziorako edo sosegurako unea da. Gauzen aurrean alto egin, eta tartetxoa hartzekoa. Gosariarekin batera ideiak jasotzeko ohitura dut. Gero hortik tira eta garapen batera iristen zara edo ez, baina... Tarte polita izaten da. Poesia egiteak pazientzia eskatzen du, baina txinparta edo apunte horiek, oinarrizko egitura batekin egiten saiatzen naiz. 
 
Nola ikusten duzu Azpeitiko kultur mugimendua?
 
Herriko kultur ibilbidea nondik nora joan den ikusteko zortea izan dugu. Hamabost-hogei urtean oso gauza ederrak ikusi ditugu komunikazioan, kulturan eta euskaran. Koordinazioan ikaragarrizko bidea egin da. Bideari jarraituz, salto handia izan zen Kultur Mahaiaren sorrera. Bat egin zuten herriko erakundeek eta kultur eragileek, eta sortu zen duela urte batzuk ikaragarri zaila ikusten zen bidea. Halako lankidetza eta harmonia giroa, kulturaz, tradizioaz, filiazioz eta sentimenduz elkarrengandik hain urruti zeuden taldeen artean. Plaza komun bat eta eremu komun bat egitea lortu da, eta hori izugarria da gurea bezalako herri batentzat. Joera orokorragoek, Azpeitia gainditzen dutenek, kezkatzen naute; kultura turismoarekin, museistikoekin edo egitasmo handiekin lotzeak. Kulturatik izango dute, baina kultura zerbait bada da geu zer garen eta zer izan nahi dugun galdetzen digun zerbait, eta eztena sartzen diguna. Akulua izan behar du, eta funtzio hori opa diot. Erakundeek, batzuetan, kultura jarduera ekonomikoarekin, zahar eta museistikoarekin lotzeko edo identifikatzeko tentazioa izan dezakete, eta guk esan behar dugu kulturak oinarrizkoago eta biziago izan behar duela. Alde horretatik, osasuntsu dago oso Azpeitian kultura; baina betiko kezka, transmisioarena, hor dago.
 
Erakundeen aldetik, kulturak ba al du behar adina babes?
 
Esaldi erraza da, baina erakundeen aldetik kultura gastu bezala ikusi da, eta nekezago inbertsio gisa. Hor dago koxka. Erakundeak gizartearen isla dira, eta elkarrizketa behar da goikoen eta behekoen artean, eta indar korrelazioa sortzea, batekoa edo bestekoa. Beti pentsatzen dut eragileei dagokiela lan egitea, eskatzea eta erreklamatzea. Erakundeei, berriz, lan egitea, denon ondare den hori kudeatzea eta begiak zabalik egotea, inguruan zer duten jabetzeko eta balio duena baloratzen jakiteko.