Iosu Mendiluze: "Ogiarekin zorrotzak dira batzuk, baina ezin denen gustura egin"

Gipuzkoako Hitza 2015ko ots. 13a, 12:42

Akaso, ez omen da gehien gustatuko litzaiokeena, baina ogia banatzen aritzea ez denez lan gogorra, Iosu Mendiluze (Azpeitia, 1994) pozik ibiltzen da Astigarraga inguruko sagardotegi eta baserrietan ogia banatzen. Egunero hamar minutuz egoten den baserritarretako batzuekin konfiantza apur bat ere badu, nahiz eta eguraldiaz "mordoa" hitz egin eta "elkarrizketa tonto batzuk" izaten dituen tarteka.

Noiz eta nola murgildu zinen familiako negozioan?

Ikasketak utzi nituen iaz, eta, aitaren enpresako —Mendiluze okindegia— lankide batek lana uzten zuenez, aitak proposatu zidan ogia banatzen hastea. Animatu nintzen, eta jada sei bat hilabete daramatzat horretan. Normalean, banaketaz soilik arduratzen naiz, tokatu izan zait beste lankideren batek oporrak hartu eta okindegian aritu beharra, baina normalean banatzen ibiltzen naiz. Ogiaz gain, egunkariak ere banatzen ditut: goizean kioskoa zabaltzen dutenerako joan, han ere ogia utzi, eta egunkariak hartzen ditut. Sinestezina da, baina Diario Vasco hartzen dute bezeroen %90ek.

Inguruko baserri eta sagardotegietako banaketaz arduratzen zara.

Okindegia Astigarragan dago, eta Astigarraga eta Hernaniko sagardotegietan aritzen naiz ogia banatzen. Horrez gain, Martutene inguruko pare bat auzotara ere joaten naiz, baserrietara ogia eramatera; eta Urnietako zenbait gune ere harrapatzen ditut. Baserritarrek batzuetan ez dute izaten aukerarik ogi bila jaisteko, eta geu joaten gara ogia eramatera.

Beraz, sagardo garaian lanez lepo ibiliko zara.

Bai, aldea egoten da sagardo garaia izan edo ez. Sagardotegi askok txotx garaia ez denean itxi egiten dute, eta gure lana asko lasaitzen da. Otsail hasieratik martxoa amaitu arte, ordea, nahiko gogorra izaten da, sagardotegietan ogi asko jaten da eta.

Ordu askoko lana al da?

Nahiko ordutegi ona dut: batzuetan, 06:00etan hasten naiz, baina normalean 07:30etik 08:00etarako tartean hasten naiz. Goizetan jaiki beharra beti da gogorra, baina gorputza berehala ohitzen da. Astean, bi arratsaldetan egiten dut lana, eta, hiru astean behin-edo, igandetan lan egitea tokatzen zait, hori izaten da pixka bat gogorra. Baina lana bera ez da batere gogorra, gustatzen zait.

Elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.