Karnabalak ospatuko dituzte gaur herriko ikastetxeetan

Uztarria.eus 2015ko ots. 13a, 11:26
Euskal Inauterien kalejirako iazko irudia.

Gaur arratsaldean mozorroz eta kolorez jantziko da herria. Izan ere, gaur, ostirala, ospatuko dituzte Karnabalak herriko ikastetxeetan. Iraurgi Ikastetxean eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain 15:00etatik aurrera egingo dute mozorro festa. Aldiz, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek eta irakasleek Euskal Inauterien kalejira egingo dute, 18:30etik aurrera.

Gaur arratsaldean mozorroz eta kolorez jantziko da herria. Izan ere, gaur, ostirala, ospatuko dituzte Karnabalak herriko ikastetxeetan.

Iraurgi Ikastetxean 15:00etan hasiko dira Karnabalak ospatzen Betharrametako eraikinean. Bertan mozorro jaialdia egingo dute ikasleek eta irakasleek. Karmelo Etxegarai Ikastolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek euren eraikinetan egingo dituzte mozorro festak, 15:30etik aurrera. Besteak beste, dantzak, zezena, karaokea, buruhandiak eta txokolatada izango dute ikasleek gaur arratsaldeaz gozatzeko.

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasle eta irakasleek Euskal Inauterien kalejira egingo dute arratsaldean. 18:30ean hasiko da kalejira, Olazko Andre Mariaren plazatik abiatuta. Kalez kale ibiliko dira joariak, zanpantzarrak, bolantak, mamoxarroak, kotilungorriak eta txantxoak. Ondoren txotxa egingo dute Sanagustin kulturgunean.

Iraurgi Ikastetxea

  • 15:00etatik aurrera Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek eta irakasleek inauterietako jaialdia egingo dute Betharrametan.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai

Haur Hezkuntza (Euskal Herria kaleko eraikina):

  • 15:30ean, LH 5. mailako kaldereroen bisita, mozorro dantza, zezena, buruhandiak eta txokolatada egingo dituzte.

Lehen Hezkuntza (Perdillegi):

  • 15:30ean, mozorro desfilea, karaokea eta txokolatada egingo dituzte. Gainera, LH 6. mailako ikasleak San Martin egoitzara joango dira.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri

  • 18:30ean Euskal Inauterien kalejira, Olazko Andre Mariaren plazatik abiatuta. Kalez kale ibiliko dira joariak, zanpantzarrak, bolantak, mamoxarroak, kotilungorriak eta txantxoak.
  • Ondoren, txotxa Sanagustin kulturgunean.