'Osasunaren eta istripuen prebentzioaren astea' antolatu du DYA-k

Uztarria.eus 2015ko ots. 12a, 19:36

Otsailaren 16tik 20ra, astelehenetik ostiralera, hainbat tailer eta hitzaldi emango dituzte, doan eta nahi duten herritar guztiei irekita. Hala ere, parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena.

Osasunaren eta istripuen prebentzioaren astea antolatu du DYA-k Azpeitian. Datorren astelehenean, hilaren 16an, hasi eta ostirala bitartean bost hitzaldi eta tailer eskainiko dituzte. Parte-hartzea doakoa bada ere, beharrezkoa da izena ematea, antolatzaileei lanak errazteko. Horretarako, 943464622 telefono zenbakira deitu daiteke, edo irakaskuntza.eskola@DYA.gipuzkoa.com helbidera mezua bidali. Hitzaldi eta tailer guztiak DYA-k Azpeitian duen egoitzan izango dira, Urola kalean, 19:00etatik 21:00etara.

Hau da datorren asterako prestatu duten egitaraua:

Otsailak 16, astelehena: Ohiko larrialdiak zein diren ikusteko eta haien aurrean nola jokatu jakiteko hitzaldia. Gai hauek landuko dituzte, besteak beste: miokardioko bihotzekoa, konbultsioak, zorabioak, traumatismoak, erredurak edo garun-baskular istripuak.

Otsailak 17, asteartea: Benden oinarrizko tailerra, gorputzeko hainbat zatitako bendajeak landuz.

Otsailak 18, asteazkena: Etxeko istripuen prebentzioari buruzko hitzaldia. Erredurak, erorikoak edo intoxikazioak izango dituzte mintzagai.

Otsailak 19, osteguna: Bihotz-biriken suspertzeari buruzko tailerra. Oinarrizko mugimenduak ikasi eta praktikatuko dituzte.

Otsailak 20, ostirala: Zure bihotza zaintzea deituriko hitzaldia eskainiko dute, eta osasuna zaintzeko aholkuak emango dituzte.