"Banan-banan lanpostuak sortzeko" apustuari eutsiko diote aurten ere Azpeitiko eta Azkoitiko udalek

Uztarria.eus 2015ko ots. 11a, 12:28
Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatea, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Jesus Agirre Iraurgi Berritzeneko zuzendaria.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak eta Jesus Agirre Iraurgi Berritzeneko zuzendariak sustapen ekonomikora bideratutako diru-laguntzen balorazioa egin dute. Izan ere, erankude horiek 150.000 euro bideratu zituzten iaz sustapen ekonomikoaren baitan jarduera ekonomiko berriak sortzeko laguntzetara, eta emaitza "oso ona" izan dela azaldu dute. Laguntza hori tarteko, 38 aktibitate berri eta 61 lanpostu sortu direla jakinarazi dute.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak eta Jesus Agirre Iraurgi Berritzeneko zuzendariak sustapen ekonomikora bideratutako diru-laguntzen balorazioa egin dute gaur, asteazkena, Azkoitiko Intsausti Jauregian. Izan ere, Iraurgi Berritzenek 150.000 euro bideratu zituen iaz Azpeitiko eta Azkoitiko sustapen ekonomikora, eta diruz lagundu ditu gizarte-ekonomian eta izaera estrategikoa ala berritzaileak dituzten jarduera berriak. 

Eneko Etxeberriak azaldu duenez, "krisiak gaude legealdi hasieratik, eta arriskatzeko apustua egin genuen 2014an. Bi aukera genituen: 'hau ez da gure eskumena' esan eta ezer ez egin edo banakako lanpostuak sortzeko apustua egitea. Beste tresnekin batera, industria, lehen sektorea, merkataritza, turismoa sustatzea, orientazio zentroak martxan jartzea, sareak nahiz mapa industriala egitea eta formazioa eskaintzea erabaki genuen, garapen egitasmoekin batera".

Hori dela-eta, bi udalek eta Iraurgi Berritzenek 150.000 euro bideratu zituzten langabetuek aktibitate ekonomiko berriak, bereziki izaera soziala zutenak, abian jar zitzaten. Etxeberriak esan du emaitza "oso ona" izan dela: "150.000 euroak banatu dira eta eskaera gehiago ere egon dira. Denera 38 aktibitate berrik jaso dute laguntza, eta hiru gelditu dira laguntzarik gabe, baldintzak ez zituztelako betetzen". Banatu dituzten laguntza gehienak banakakoak izan dira, hau da, edozein izaera juridikopean sortutako enpresak, baina sozietate laboralak edo kooperatibak ere sortu dituzte eta izaera estrategikoko enpresak, "eskualdera balio erantsia dakartenak", ere bai.

Jesus Agirre Iraurgi Berritzeneko zuzendariak esan duenez, "enplegua sortzeko zer egin daitekeen bilatzea da erronka: enpresa batek jendea kontratatuta edo enpresak zein lanpostuak sortuta". Agirrek adierazi du laguntza horiek "osagarriak" direla Udalaren eta beste erakundeen laguntzekin. Orotara, 61 lanpostu sortu dira laguntza horiei esker, eta Agirrek jakinarazi du "gehiago" ere sortu daitezkeela. Iraurgi Berritzeneko zuzendariaren aburuz, "ezinbestekoa" da bide honekin jarraitzea enpresa berriak sortzeko eta lehendik daudenei laguntzeko, eta dituzten eskumenekin "ahal dutena" egingo dutela gaineratu du.

2015ean ere 150.000 euro bideratuko dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek nahiz Iraurgi Berritzenek sustapen ekonomikoaren baitan jarduera berriak sortzera. Etxeberriak azaldu duenez, "oinarriak aztertzen" ari dira, eta aurrerago azalduko dituzte diru-laguntza horiek gaineko xehetasunak.