Juan Kruz Izagirre: "Bederatzigarren ilara eta 34. eserlekua, ba hantxe, danba, pare-parean"

Uztarria.eus 2015ko ots. 11a, 10:01
Juan Cruz Izagirre Goya sarietan, argazkiko beheko lerroan ezkerreko aurrena, atzean Wert ministroa duela.

Irusoin ekoiztetxeko zuzendari teknikoa da eta lehendik ere izana zen Goya sarien banaketa ekitaldian, baina orduan ez zuten eseri Espainiako Gobernuko Kultura ministroaren aurrekaldean. "Gure eserlekuak haietxek ziren, eta hantxe egotea tokatu zitzaidan", dio umorez. Loreak filmaren ordezkaritzaren partaide gisa izan da aurten Goya sarietan Izagirre. Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma izaten ari den harrerarekin "oso pozik", zuzendari beraiekin egin asmo dute hurrengo filma ere.

Zer moduzkoa izan da aurtengo Goya sarietako esperientzia?

Esperientzia bezala polita izan da. Telebistan edota beste nonbait ikusi ohi dituzun pertsonaia eta pertsonajilloak hor ikusten dituzu, batera. Gu bi izendapen genituelako joan ginen, alde batetik film onenarena eta bestetik musika onenarena. Sari horiek berez ekoizpenaren arduradunek jasotzen dituzte. Eta ilusioz joan arren, ez genuen esperantza handirik; hamabost, hamasei edo hamazazpi izendapen dituzten filmak ikusten dituzunean, zeozergatik izango dela pentsatzen duzu, eta film onenaren saria ere horietako batek eramatea izango dela normalena. Akademiaren kontuak ere hala izaten dira: Goya sariren bat irabazten duten guztiak, ekoizle, aktore edo dena delakoak, Akademiako kide bihurtzen dira, eta hortik aurrera urtero dute botoa emateko aukera. Orduan, ekoizpen ahaltsu hauekin lehian zaudenean, urtero-urtero sariak jasotzen dituzten ekoiztetxeenak izanda, badakizu aldez aurretik boto mordoa ziurtatuta dituztela. Ekoizle txikientzat oso zaila izaten da horrelakoekin lehiatzea.

Zuk lehendik ere ezagutzen zenuen Goya sarien festa hori, ezta?

2001. urtean Goya saria jaso egin genuen, Karramarro uhartea marrazki bizidunen filmarekin. Baina kontuan hartu behar da film onenaren sarirako izendapena jasotzea bera zailagoa dela. Aurten bertan izango ziren 74ren bat hautagai, eta horien guztien artean Loreak izendatutako bosten artean sartzea, izugarrizko arrakasta izan da guretzat, oso-oso pozik geunden. Marrazki bizidunetan saria jaso genuen 2001ean eta beste bitan ere izendatuak izan gara, baina urtean lauzpabost produkzio egiten dira arlo horretan eta hiru behintzat izendatzen dituzte, saria jasotzeko; beraz, beti dago izendapena jasotzeko aukera gehiago.

Zenbat urte da Irusoinen lanean ari zarela? Zein da zure eginkizuna ekoiztetxean?

32 urte baditut Irusoinen, enpresa sortu zenetik. Hasieran beste azpeitiar batekin batera, Joxe Angel Azpillagarekin; hark zortzi bat urte egin zituen, eta orain beste enpresa batean ari da. Bikoizketa lanekin hasi ginen eta, horiek mantentzen ditugun arren, beti gauza bera egiteak aspertu egiten duenez eta, gainera, arriskutsua izaten denez, urteak joan ahala gure eginbeharrak zabaldu egin ditugu: bideoak, zerbitzuak eta, azkenean, ekoizpen lanetan ere murgildu gara, bai telebistarako eta bai zinerako. Zuzendari tekniko bezala, batik bat filmak aurretik prestatzea izaten da nire lana, nola egin, eta horren jarraipena egitea.

Ekoizpenaren partaide gisa, nola baloratzen dituzu Loreak izaten ari den harrera eta oihartzuna?

2005ean hasi ginen fikziozko filmekin; Aupa Etxebeste! izan zen ekoiztu genuen aurrena. Historian zehar, orain arte diru gehien bildu eta ikusle gehien izan dituen euskarazko filma da Aupa Etxebeste!, Loreak eta hauek baino gehiago. Urte pila bat zen euskarazko pelikularik ez zela egiten eta hark dezenteko arrakasta izan zuen, batik bat Euskal Herrian. Horrek animatu egin gintuen eta harrezkero euskarazko dokumentalak zein fikziozko film gehiago egin izan ditugu: Lucio, 80 egunean, Urte berri on, amona!... eta, azkena, Loreak. Azken hiruekin, batik bat, saiakera egin eta aurkeztu egin genituen Donostiako Zinemaldira. "Oso ondo ari zarete, gero eta hobeto" esan bai, baina ez gintuzten hartzen, iaz Loreak sail ofizialean lehiatzeko aukeratu zuten arte. Hori egundokoa izan zen guretzat, eta gehien bat zuzendarientzat [Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga]. Historian lehenbiziko aldia zen euskaraz ekoiztutako luzemetraia bat zinemaldian lehiatzeko aukeratzen zutela. Loreak ez da berez film komertzial bat, baina nahikoa arrakasta izaten ari da kanpoan, zinema jaialdietan oso ondo funtzionatzen ari da. Toronton, Londresen, Tokion... aukeratu eta eman dute, eta sariak ere ari da jasotzen. Besteak beste, Tokion hiru aktore emakumezkoak saritu zituzten, eta Palm Springs-en (AEB) film iberoamerikar onenaren saria eman diote; Goya sari nagusiak jaso dituzten filmekin lehiatuz, hain zuzen ere. Aurrera begira ere hainbat zinemalditan hartuko du parte: Barin (Italia), Guadalajaran (Mexiko), Miamin (AEB), Siberian (Errusia)... Poliki-poliki, bere bidea egiten ari da munduan zehar.

Guzti horrek zer esanahi dauka zuena bezalako ekoiztetxe batentzat?

Guretzat oso garrantzitsua da, batik bat aurrera begira. Hurrena beste zerbait ekoizten dugunerako, ateak erdi irekita behintzat izan ditzakegu, aurrez jakingo dutelako zer lan mota egin eta zer emaitza eman ditugun. Garrantzitsua da guretzat, enpresa bezala, eta zuzendarientzat ere bai.

Eta, ba al duzue beste proiekturik esku artean?

Aurten zaila izango da, Loreak-en oihartzuna oraindik hor dagoelako eta festibal batetik bestera ibili beharko dutelako, baina zuzendari beraiekin egin nahi dugu hurrengo proiektua ere. Altzoko Handiaren inguruko film bat izango da; pixka bat aurreratuta daukagu jada eta asmoa da aurten urte bukaera aldera grabatzen hastea, 2016an zinema aretoetan aurkezteko moduan izateko.

Bukatzeko, eta hasierara bueltatuz, Goya sarietan Wert ministroaren aurre-aurrean esertzea tokatu zitzaizun.

Hotel erraldoi baten barruan dagoen areto batean egiten da sari banaketa. Segurtasun neurriak ikaragarriak dira, gonbidapenarekin bakarrik sar zaitezke. Gure kasuan, izendatutako film baten ordezkariak ginenez, arratsaldeko zazpietarako dagoeneko han egon behar ginen, trajearekin eta zerarekin. Koktel bat eman ziguten, argazki batzuk atera famosoekin... horrela mugitzen gaituzte. Aretora sartzerakoan, nortasun agiria eta akreditazioa eskatzen dizkizute, eta zer eserleku dagokizun esaten dizute orduan; taldeka joaten gara, normalean. Zegozkigun eserlekuetara iritsi ginenean, "oso leku ona duk, gainera!", komentatu genion elkarri. Erdi-erdian... zoragarri! Gero etorri zen sorpresa: "Hara, hauek ditugu-eta atzean!". Batetik Wert, bestetik Fernandez Macho Akademiaren presidentea, Werten aldamenean Ignacio Gonzalez Madrilgo erkidegoko presidentea eta bere eskubian, berriz, Pedro Sanchez, PSOEkoa. "Ba al leike! Hau ere guri tokatu behar al zaigu?", pentsatu nuen. Eta, noski, gure eserlekuak haietxek ziren, eta hantxe egotea tokatu zitzaidan niri: bederatzigarren ilara eta 34. eserlekua, ba hantxe, danba, pare-parean. Gainera, hasieran ez zara konturatzen, baina gero bertan jartzen dituzten bi pantaila handietan zeure burua ikusten hasten zara, telebistako kamera pare-parean, eta... hauk duk hau, ba al leike!