Etxebizitza politika berrien bila

Urola Kostako Hitza 2015ko ots. 10a, 13:56
Anne Unanue, etxebizitzak alokatzeko laguntzen onuradunetako bat. (Eneritz Albizu)

Azpeitiko Udalak gazteei etxebizitzak alokatzen laguntzeko diru poltsa jarri zuen iaz, eta 47 herritar edo familiak aprobetxatu dute aukera; Anne Unanue (Urrestilla, 1991) da gazte horietako bat.

"Azpeitiko Udalak eskaini dituen alokairurako laguntzarik gabe ez nukeen aukerarik izango etxetik mugitzeko. Izan ere, gaur egun oso zaila da gazteentzat errenta ordaintzea, egoera gaizki dagoelako lan finkoa aurkitzeko ere". Hala hitz egin du Anne Unanuek. Azpeitiko Udalak etxebizitzak alokatzeko eskaini dituen laguntzen onuradunetako bat da bera. Joan den urtean gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko 150.000 euroko poltsa jarri zuen udalak, eta 18 eta 35 urte bitarteko herritarrei errentaren azken prezioaren erdia ordaintzeko laguntza eskaini zien. Prentsaren bidez jakin zuen 23 urteko gazteak laguntzaren berri, eta "ahoz aho" ere informazioa asko zabaldu dela esan du hark.

Unanue Urrestillatik joan da Alde Zaharrera bizitzera, eta azaldu du "nahita" jardun dutela inguru horretako etxeren baten bila. Udalak laguntzetan gehigarria txertatu du Alde Zaharrean bizitzea aukeratzen duten pertsonentzat, eta horrek Alde Zaharra biziberritzeko planari "asko" lagundu diola uste du Unanuek: "Alde Zaharrean etxe huts asko daude, eta guretzat alde handia da hilero 50 euro gehiago jasotzea".

Jarraitu beharreko bidea

Laguntza "oso positiboa" den arren, Unanuek uste du oraindik ez dela nahikoa «gazte guztiengana» iristeko. Izan ere, sei hilabete barru hasiko dira beraiek dirua jasotzen; eta, bien bitartean, gastu guztiei aurre egin beharko diete: "Lehen sei hilabeteetan ez daukazu ezer, gero jasotzen duzu laguntza, baina gazteok unean uneko momentuan bizi gara, eta zaila da egokitzea".

Erreportajea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.