Gazteen alokairurako 47 laguntza banatu ditu Udalak

Uztarria.eus 2015ko ots. 6a, 18:15
Zabaleta eta Etxeberria, gaur eman duten prentsaurrekoan.

Gazteen alokairurako diru-laguntzen balorazioa egin du Udalak. 150.000 euroko diru-poltsatik 134.000 euro banatu dituzte. Izan ere, alokairua ordaintzen laguntzeko 49 eskari jaso eta 47 onartu dituzte. Udalak aurreratu duenez, iazko gisan, aurten ere eskainiko dituzte laguntzak, eta banatu gabe gelditu den dirua aurtengo laguntzetara bideratuko dute.

Iaz Udalak gazteen alokairurako diru-laguntzak jarri zituen abian, eta 47 etxebizitzaren alokairuak lagundu ditu diruz. Hala jakinarazi dute Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Iñaki Zabaleta Azpeitia Berritzeneko ordezkariak gaur, ostirala, diru-laguntzen inguruko balorazioa egiteko eskaini duten prentsaurrekoan. 

Udalak 150.000 euro bideratu zituen gazteen artean etxebizitzen alokairua sustatzeko laguntzetara, eta zenbateko horren %89,3, 134.000 euro, banatu ditu. Izan ere, orotara, 49 laguntza eskaera egin dituzte herritarrek, eta horietatik 47 onartu dituzte. Udalak adierazi duenez, aurten ere banatuko dituzte diru-laguntzak, eta 2014ko laguntzetan sobratutako 16.000 euroak aurtengorako gordeko dituzte. Eneko Etxeberria alkateak esan duenez, "aztertzen" ari dira "nolako oinarriekin" argitaratuko duten 2015eko deialdia.

Etxeberriak adierazi duenez, laguntza hauek "etxebizitza politika berria" egiteko jarri dituzte martxan: "Diru kopuru horrekin bi aukera genituen; etxe bat egin eta familia bat lagundu, edo 47 diru-laguntza eman. Gainera, etxe berriak egin beharrean, lehendik dauden etxeak aktibatzea da gure xedea, ondo kudeatzea dauden etxeak". Horrez gain, 35 urtetik beherako herritarrei emantzipatzeko "alternatiba" eskaini diotela dio Etxeberriak.

Alkateak jakinarazi du herrian alokairuan zeuden "ia etxe guztiak" alokatu dituztela dagoeneko. "Fiskalitatearekin lotu beharreko kontua da. Izan ere, bigarren etxea duen jendeak gehiago ordaindu behar izaten du etxe horren zerga, eta etxe hori alokairura ateratzeko aukera ematen du egitasmo honek. Etxejabeak badaki Udala tartean dagoela, eta hileroko alokairuaren ordainketa bermatuta duela", gaineratu du.

Hemen Iñaki Zabaleta Azpeitia Berritzeneko kideak eman dituen datuak:

  • 550 euroko alokairuaren erdia ordaintzen du Udalak gehienez, eta etxea Alde Zaharrean alokatu dutenek 50 euro gehiago jaso dituzte.

  • 49 eskaera jaso, eta horietatik 47 onartu dituzte. Onartu gabeko biek ez zituzten laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen.
  • 150.000 euro bideratu dituzte 35 urtetik beherakoen alokairurako, eta horietatik 134.000 erabili dituzte.

  • Alokatu diren etxeen %39 dira Alde Zaharrekoak; gainerakoak, %61, herriko beste auzo edo kaleetakoak.

  • Alokairuen bataz besteko errenta 453 eurokoa da.