Zapatuan izango da kaldereroen kalejira

Uztarria.eus 2015ko ots. 5a, 13:39
Iazko Kaldereroen festako irudi bat.

19:00etan abiatuko da kaldereroen konpartsa, Arana kaletik. Udalak herritar, talde, elkarte eta eragileei dei egin die kalejiran parte hartu dezaten. Gauean, 23:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira Sanagustin kulturgunean, eta igandean Karnabaletako abestien kontzertua eskainiko dute Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak, argazki elkarteko kideen irudien proiekzioarekin lagunduta.

Urteroko legez, karnabalak iritsi baino astebete lehenago izango dira kaldereroak herrian. Zapatuan, hilaren 7an, izango da kalejira, 19:00etan hasita. Arana kaletik abiatuko dira, eta hurrengo ibilbidea egingo dute: Bustinzuriko Errebala, plaza, Enparan kalea, Elizkalea, Done Jakue kalea, eta plazan bukatuko da. Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abestuko dituzte, Udal Musika Bandak lagunduta. Udalak herritar, talde, elkarte eta eragileei dei egin die kalejiran parte hartu dezaten. "Elkarlanari esker Azpeitiko festak gero eta hobeak izango dira", esan du Mikel Ibarzabal festetako zinegotziak.

Ondoren, 23:00etan, Revolta Permanent eta Red Rooster Rebellion taldeen kontzertuak izango dira Sanagustin kulturgunean.

Igandean, berriz, Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak Karnabaletako abestien emanaldia eskainiko dute, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideen argazkien proiekzioarekin lagunduta. 13:00etan izango da kontzertua, Sanagustin kulturgunean.

Behin kaldereroak pasatuta, Karnabaletarako astebete besterik ez da geldituko. Otsailaren 14an, gandea, izango da Elegante Eguna, eta astelehenean eta asteartean ere festa giroa izango da nagusi.