Hitzarmenak aho batez onartu dituzte otsaileko Udalbatzarrean

Uztarria.eus 2015ko ots. 4a, 20:13

Ingurugiro Etxearen jarduera bideratzeko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak berritu duten akordioan, atariko jolas parkearen eremua berritzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak.

Hainbat arlotako hitzarmenak izan zituzten hizpide atzo, asteartea, otsaileko Udalbatzarrean. Gai-zerrendaren puntu gehienak ziren ildo horretakoak, eta guztiak aho batez onartu zituzten.

Horrela, Loiola eta Kataluniako Manresa herria batuko dituen Ignaziotar Bidea sustatzeko lankidetza hitzarmena, Azpeitiko Udalak Kataluniako hainbat udal eta erakunderekin adostua, onartu zuten atzokoan. Baita Azpeitiko herritarrei arreta soziosanitario koordinatua bermatzeko protokoloa ere, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin, Osakidetzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostua.

Eusko Jaurlaritzarekin beste hitzarmen bat ere lotu du Udalak. Horrela, bi erakundeok Ingurugiro Etxearen jarduera bideratzeko hiru urtez behin berritzen duten akordioa onartu zuten plenoan. Hitzarmenaren eguneratze horrek "berrikuntza aipagarri bat" izango duela nabarmendu zuen Eneko Etxeberria alkateak; izan ere, Ingurugiro Etxearen atariko jolas parkearen eremua berritzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, hango ekipamendu "zaharkitua" kendu eta guneari beste itxura bat emateko helburuarekin.

Bandaren lanari "aitortza"

Musika Bandarekin hitzarmena ere formalizatu du Udalak, besteak beste, urteko diru-laguntza bideratzeko. "Hitzarmen honek Bandak egiten duen lanaren aitortza izan behar" duela nabarmendu zuen Aitor Gorrotxategik, EAJren bozeramaile eta, era berean, Bandako kide ere badenak. Aitortza "udal osoaren izenean" dela gaineratu zuen alkateak.

Hitzarmenak urtean zehar Bandak herriko hainbat festa eta ekitalditan osatzen duen egutegia betetzen jarraitu ahal izatea du xede. 55.000 euro bideratuko ditu Udalak Bandarentzat, eta beste 8.000, musika instrumentuen mantenu edota berritzeari lotuta.