"Lasterketaren mailarekin bat datorren" irudia sortu dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako

Urola Kostako Hitza 2015ko ots. 4a, 18:32
BBVA-ko, maratoiko, eta Azpeitiko eta Azkoitiko udaleko ordezkariak, Garciaren familiako kideekin. (ENERITZ ALBIZU LIZASO)

Besteak beste, ekitaldirako logo berria sortu dute, eta Diego Garciaren silueta, bihotz taupaden irudia eta Azpeitia eta Azkoitia udalerriak irudikatzen dituzten bi hizki ditu horrek.

Azpeitia-Azkoitia Maratoi Erdiaren irudi korporatiboa aldatu dute, eta "lasterketaren mailarekin bat datorren" irudia eta komunikazio euskarriak jarri dituzte, 22. urteurrenean, "lasterketaren esentzia" islatzeko. Kirol ekitaldiaren komunikazio ikuspegia ere aldatu dute aurtengoan, eta Interneten zein sare sozialetan presentzia izango dutela adierazi dute antolatzaileek. Aldaketa nabarmenena, ordea, lasterketaren logoarena izan da; Diego Garciaren "espirituan" oinarritutako logo "indartsua" eta "abenturazalea" egin dute. Zuria eta gorria da logoa, eta honako elementuak ditu: Diego Garciaren aurpegiaren silueta, bihotz taupaden irudia eta Azpeitia eta Azkoitia udalerriak irudikatzen dituzten bi hizki. Slogana ere aldatu diote: Amets baten taupadak jarri diote leloa. Aurten, martxoaren 28an izango da maratoi erdia.

Antolatzaileen arabera, "Azkoitia eta Azpeitia batu dituen" lasterketa da maratoi erdia. Horrez gain, esan dute Europan "oso ezaguna" dela lasterketa, parte-hartzaileengatik edota eginiko markengatik. Hori dela eta, garrantzia eman diote irudia "garai berrietara" moldatzeari.

Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotziak azaldu du aldaketak "indar handia" islatzen duela. Hala ere, boluntarioen lana nabarmentzen saiatu da hura: "Familia handi bat da Azpeitia-Azkoitia Maratoi Erdia, eta boluntario asko daude lanean urtero: haiei eman behar zaizkie eskerrak". Unanueren hitzak berretsi ditu Jesus Oteiza Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotziak, eta gaineratu du "kirol festa handia" dela lasterketa. Bestalde, Garcia aipatu du Oteizak, eta esan du "txapeldun handia" izan zela hura "pertsona bezala".

Azken ukituak

Azken aldaketak egiten ari zaizkie webgune berriari, datorren astean ikusgai egon dadin. Besteak beste, Diego Garciaren bideoak jasotzen ari dira, guztien eskura egon daitezen. Webgunearekin batera, izen-emate epea ere hurrengo astean irekiko dute. Prezioak mantendu dituzte, eta 22 euro ordaindu beharko dituzte federatuek; 24 euro gainontzekoek. Beraien erronka da 1.000 parte-hartzailetara iristea, eta 1.300 korrikalaritan jarri dute muga. Bestalde, urtero legez, ibilbide motza ere egin ahal izango da maratoiaren egunean. Ibilbide horretan parte hartu nahi dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta 400 pertsonentzako lekua izango dute.