Eguraldi makurra eginagatik, koplak nagusi Santa Ageda bezperan

Uztarria.eus 2015ko ots. 4a, 18:28

Santa Ageda bezpera da gaur, asteazkena, eta kopla kantari aritu dira herriko ikastetxeetako ikasleak. Iraurgi Ikastetxeko eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleek goizean egin dituzte ekitaldiak, eta santaeskean atera dira, esaterako, Urola Ikastolako ikasleak.

Arratsaldean, berriz, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleen txanda izan da. 15:00etatik aurrera, Loiola aldean aritu dira kantuan DBH 4ko ikasleak. Ondoren, 16:30ean, HHtik hasi eta DBH 4ra arteko ikasleak aretoan elkartu dira, koplak babesean kantatzeko. Gero, 19:00etan, Ametsa tabernaren inguruan elkartu eta kalez kale ibiliko dira santeskean ikastolakoak.

Bestalde, Matxinbentako bizilagunak, urteroko legez, goizean hasita, baserriz baserri aritu dira Santa eskean, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Agin Laburu bertsolariek, eta Laja eta Izer trikitilariek lagunduta; baita Azpeitiko kale eta taberna batzutan ere. Iluntzean itzuliko dira Matxinbentara eta orduan hasiko dira han aurtengo Santa Ageda festak.