Asier Blas: "Abertzaleen arteko adostasunetik euskal gizartearen adostasunera pasatu behar dugu"

Uztarria.eus 2015ko ots. 4a, 12:58
Asier Blas soziologoak eskainiko du hitzaldia.

Asier Blas soziologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Europako sezesio-prozesuak: iragana eta oraina hitzaldia eskainiko du gaur, asteazkena, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko Gure Esku Dago taldeak antolatu du hitzaldia, eta Uztarria.eus-ek Blasekin hitz egin du.

Zer adibide baliatuko dituzu zure hitzaldian? Aurreratzerik bai?

XX. mendeko kasu desberdinak aipatuko ditut, baina bereziki Europako kasuetan eta azken hiru hamarkadetakoetan erreparatuko dut. Bestalde, garbi dago Kataluniak eta Eskoziak protagonismo berezia izango dutela.

Euskal Herrian sezesio prozesu bat benetan abian jartzeko zein dira, zuretzat, ezinbesteko baldintzak?

Alderdienganako izpiritu kritikoa ereitea, gizartearen borondatea azpimarratzea, independentzia eskuragarria dela sinestea eta Euskal estatua lortzeko proiektua ilusioa piztea. 

Momentu honetan, gizarte mailan, ikusten al duzu horretarako aukerarik? 

Aukerak eta oztopoak beti daude, kontua da aukerak aprobetxatzea eta gurean dudarik gabe bi aukera apropos dauzkagu: alde batetik, Europan dagoen erabakitze eskubidearen aldeko olatua, bereziki, Kataluniako kasua, gertutasunagatik; eta bestalde, alderdi politikoen krisia, gizartea geroz eta autonomoagoa da alderdi klasikoetatik.

Eta maila politikoan, abertzaleen arteko adostasunari lotuta?

Abertzaleen arteko adostasunetik euskal gizartearen adostasunera pasatu behar dugu, herrialde bat gara eta bertako herritarrentzat proiektu politiko, sozioekonomiko eta kultural erakargarri bat eraikitzea behar dugu. Erabakitze eskubidearen inguruan indartu behar da gure herritartasun sentimendu konpartitua. Gutxieneko elementu konpartituak bilatu behar dira eta hortik abiatuta, erabakitze eskubidea arlo desberdinetan praktikatu beharraren inguruan pedagogia egin behar da. Horrek erakutsiko digu benetan gure erabakitze eskubidea gizarte eredu alternatiboak eraikitzeko, hizkuntza politika propioak garatzeko, ekonomia sustatzeko... bakarrik lortu daitekeela estatu independente batean.

Eskoziaren eta Kataluniaren kasuek mahai gainean jarri dute, Europan, sezesioaren gaia. Zer parekotasun eta zer ezberdintasun ikusten dituzu kasu horien artean, eta horien eta euskal kasuaren artean?

Labur azaldu behar bada, Eskoziak eta Kataluniak lurraldetasunaren korapiloa ez dute mahai gainean. Lehenengoak arazoa ez du, bigarrenak korapilo txikia zena askatu du eta Euskal Herrian, berriz, korapiloa potoloa denez, poliki ari da askatzen, baina askatzen ari da. Bestalde, Eskozia eta Katalunian gizartearen gehiengo oso zabalak garbi dauka Eskozia eta Katalunia nazio direla. Are gehiago, esan daiteke, herritarren gehiengo oso zabalak esango du bere nazioa Eskozia edo Katalunia dela, eta esango ez dutenen artean askok ez dute errealitate hori ukatuko. Euskal Herrian, aldiz, hiru nazio sentimendu endogeno, bertakoak, aurkitzen ditugu.  Hori, berez kudeatzea konplikatua bada, kontuan hartu behar da nazio sentimendu bakoitzak duen pisua asko aldatzen dela geografikoki. Azkenik, lidergoaren afera dago. Eskozian eta Katalunian pragmatikoagoak izan dira aspalditik, helburua lortzeko bitarteko hoberenak lortzen saiatu dira, Eskozian alderdi baten lidergopean, Katalunian gizartearen lidergopean. Euskal Herrian, berriz, alderdi zalekeria handia egon da eta horien portaera hein handi batean elizek dutenarekin parekatu daiteke. Beren parrokia eta parrokia kideak lehenetsi nahi izan dituzte guztiaren gainetik, eta horrela, eliza indartsu bat eraiki daiteke, baina nekez herrialde bat.