Bi azpeitiar gazteen kontrako epaiketa salatu zuten atzo dozenaka herritarrek

Uztarria.eus 2015ko ots. 4a, 09:22

Atzo, asteartea, elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek plazan, Xabi eta Oran libre! lelopean. Izan ere, atzo epaitu zituzten bi azpeitiar gazteak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak mantendu egin du bi gazteentzat aurrez jarrita zuen zigor eskaera: terrorismoa goratzea eta erresitentzia egotzita, bina urteko eta zortzina hilabeteko zigorra eskatu du bientzat, baita zortzi urteko inhabilitazioa, isuna ordaintzea eta gizarte-lanak egitea ere. Iosu Urbieta Pow-ren askatasuna eskatuz pintada egiten ari zirela atzeman zituen Ertzaintzak 2010ean. 

Elkarretaratzearen ostean hitza hartu zuten Madriletik iritsi berri ziren Xabier Otamendik eta Orhantza Alegriak, eta esker hitzak izan zituzten babesa eskaini zieten herritar guztientzat.