Fiskalak mantendu egin du bi azpeitiar gazteen kontrako zigor eskaera

Uztarria.eus 2015ko ots. 3a, 15:22
Hainbat azpeitiar Auzitegi Nazionalaren aurrean, Madrilen.

Terrorismoa goratzea eta erresitentzia egotzita, bina urteko eta zortzina hilabeteko zigorra eskatu du fiskalak bientzat, baita zortzi urteko inhabilitazioa, isuna ordaintzea eta gizarte-lanak egitea ere. Uztarria.eus-ek Alegriarekin hitz egin du, hark azaldu duenez, epaia hilabeteren bueltan jakitea espero dute bi auzipetuek.

Gaur, asteartea, 10:00etan zen hastekoa Orhantza Alegria eta Xabier Otamendi azpeitiar gazteen kontrako epaiketa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ordu erdi beranduago hasi da auzi-saioa, eta 13:30ak aldean bukatu. Fiskalak mantendu egin du bi gazteentzat aurrez jarrita zuen zigor eskaera: terrorismoa goratzea eta erresitentzia egotzita, bina urteko eta zortzina hilabeteko zigorra eskatu du bientzat, baita zortzi urteko inhabilitazioa, isuna ordaintzea eta gizarte-lanak egitea ere. Iosu Urbieta Pow-ren askatasuna eskatuz pintada egiten ari zirela atzeman zituen Ertzaintzak 2010ean. 

Bi gazteez gain, hainbat senide eta lagun joan dira Madrilera, gazteei babesa ematera. Uztarria.eus-ek Alegriarekin hitz egin du epaiketa bukatu ostean, eta dagoeneko Madrildik bueltan dira, autobusean. Alegriak jakinarazi duenez, hilabeteren bueltan espero dute ebazpena. "Ondo joan da epaiketa, baina ez dago jakiterik Auzitegi Nazionaletik zer etorriko den. Azaldu dugu zer gertatu zen egun hartan. Ondoren, ertzainek deklaratu dute, eta gure testiguek ere bai. Halako txikikeria bat Madrilen epaitzea zentzugabea da. Pow askatu idaztea ez dela 'terrorismoa goratzea' adierazten saiatu gara, eta atxilotzeko unean ertzainik ez genuela erasotu frogatzen ere bai", esan du Alegriak.

Azpeitiko Libre lan-taldeak asanblada eta elkarretaratzea deitu ditu gaurko. 19:30ean elkartuko dira plazan, eta epaiketa salatzeaz gain, goizeko auzi-saioaren nondik norakoak azalduko dituzte.

Joan den ostiralean Alegriari eta Otamendiri babesa agertzeko argazkia atera zuten 300 bat lagunek Izarraitz pilotalekuan.