'Puntuz puntu' prozesua abiatu du Azpeitiko EH Bilduk ere

Uztarria.eus 2015ko ots. 3a, 11:59

Azpeitiko EH Bilduk batzar irekia egin zuen joan den zapatuan, Sanagustin kulturgunean. 115 bat lagun bertaratu ziren, eta agintaldi honen balantzea egiteaz gain, herriaren diagnosi orokorra elkarbanatu zuten bertaratutako herritarrek.

EH Bilduk jakinarazi duenez, ondoren, lan taldeetan banatu eta arloz arlo aritu ziren azken hilabete eta asteetan egindako diagnosien inguruan eztabaidan: "Puntuz Puntu prozesuari arlo bakoitzak nola helduko dion definitzen saiatu ginen. Landu genituen arloan ondorengoak izan ziren: sozioekonomia, gizarte zerbitzuak, euskara, aniztasuna, parekidetasuna, kultura, kirola, festak, parte-hartzea, hirigintza eta gatazkaren konponbidea. Larunbatean sakondu ez bagenituen ere, ingurumen eta auzoen arloekin ere ari gara lanean".

EH Bilduren arabera, "Puntuz Puntu herri programa osatzeko garatuko dugun prozesua da, eta helburua da herritar eta talde desberdinekin Azpeitian ditugun beharrak aztertu eta proposamenak jasoz, loteslea izango den programa osatzea". Horren harira ondorengo konpromisoak hartu zituzten batzarrean: "Batetik, herriko eragile guztiekin egoteko konpromisoa, eta bestalde, herritarren parte-hartzea bermatzeko tresna egokiak sortzea eta ekarpenak egiteko bitartekoak jartzeko konpromisoa".

Azpeitiko EH Bilduk esan du "ezinbestean" herritarren tresna izan behar duela Udalak. "Herritarren beharrak modu egokienean asetuko dituen bitartekoa izan behar du. Tresna horrek noski, helburu eta balore bjakin batzuen zerbitzuan egon behar du. Parte-hartzea, parekidetasuna, euskalduntasuna, aniztasuna eta kulturzaletasuna bezalako baloreak oinarri izango dituen Azpeitia burujabea izan behar du helburu. Justizia soziala oinarri izango duen Azpeitia lortzeko tresna izan behar du Udalak. Garapen ekonomikoa gauzatzeko konpromisoa duten ekintzaile nahiz enpresen bidelagun izango dena. Gazteei emanzipatzen lagunduko dien etxebizitza politika eskainiko duen Azpeitia. Adinduen baldintza duinetan bizitzea bermatuko duten bitartekoak eskainiko dituena, beste batzuen artean".

Azpeitiko EH Bilduk "ezkertiar eta abertzale guztiei" dei egin die euren ekarpenak egin ditzaten: "Denok dugu zer esana. Denon artean, denontzako Azpeitia berrian sakontzen jarraitu behar dugu". Ildo horri jarraituz, Gipuzkoako EH Bilduk nekazaritza arloko programa finkatzeko bilkura irekia egingo du bihar, asteazkena, 17:00etan Baigeran, eta hara joateko deia ere egin du Azpeitiko EH Bilduk.