Hobera egin du inguruko errepideen egoerak

Uztarria.eus 2015ko ots. 3a, 12:39
Urrestilla ingurua zurituta egon da goizean, eta oraindik ere nabaritzen da elurraren arrastoa.

Mandubian eta Bidanian errepideen egoerak hobera egin dute eta, dagoeneko zabalik dira ibilgailu guztientzat. Urrakin tentuz gidatzea gomendatu du Trafiko Zuzendaritzak, eta Azkarate garbi dago.

Elurra gaur arratsalderako iragarrita bazegoen ere, aurreratu egin da eta gogotik egin du inguruko mendi, mendate eta herrietan. Azpeitia inguruko errepideetan eragozpenak sortu ditu elurrak goizeko lehen orduetan.

Dagoeneko hobera egin du inguruko errepideen egoerak. Mandubian eta Bidanian errepidea garbitu dute, eta autoek ez dute katerik behar ez batean eta ez bestean. Urrakin tentuz gidatzea gomendatu du Trafiko Zuzendaritzak, eta Azkaraten ez dago arazorik dagoeneko.

Dena den, arratsalderako elurra iragarrita dago, eta kontuz gidatzea gomendatzen du Trafiko Zuzendaritzak.

Errepideetako egoeraren berri Trafikoa.net webgunean edo 011 telefonoan.