Herritarren babesa jaso dute asteartean Madrilen epaituko dituzten Orhantza Alegriak eta Xabier Otamendik

Uztarria.eus 2015ko urt. 30a, 20:53

300 lagunetik gora elkartu dira gaur, ostirala, arratsaldean Izarraitz pilotalekuan, Orhantza Alegriari eta Xabier Otamendiri babesa adierazteko argazkia ateratzeko. Bertan izan dira bi auzipetuen lagunak, senideak eta gertukoak.

Azpeitiar gazteak otsailaren 3an, asteartea, epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Terrorismoa goratzea eta erresitentzia egotzita, bina urteko eta zortzina hilabeteko zigorra eskatu du fiskalak bientzat, baita zortzi urteko inhabilitazioa, isuna ordaintzea eta gizarte-lanak egitea ere. Iosu Urbieta Pow-ren askatasuna eskatuz pintada egiten ari zirela atzeman zituen Ertzaintzak 2010ean.

Azpeitiko Libre lan-taldeak asanblada eta elkarretaratzea deitu ditu epaiketaren egunerako, astearterako. 19:30ean elkartuko dira plazan, eta epaiketa salatzeaz gain, goizeko auzi-saioaren nondik norakoak azalduko dituztela adierazi dute. Argazkia atera ondoren auzipetuek ere hartu dute hitza, eta eskerrak eman dizkiete bertaratu eta babesa agertu dieten herritar guztiei.