Moncayora joango dira asteburuan Lagun Onak Mendi Bazkunakoak

Uztarria.eus 2015ko urt. 28a, 19:06

Zapatuan 06:00etan abiatuko dira, herrira jai arratsaldean itzultzeko. Irteerarako izena emateko epea bihar, osteguna, bukatuko da.

Lagun Onak Mendi Bazkunak Moncayora txangoa antolatu du asteburu honetarako. Zapatuan, urtarrilak 31, 06:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta igande arratsaldean itzuliko dira herrira.

Irteeraren barruan, Santuario de la Virgen del Moncayo-Moncayo (2.400 metro) mendi ibilaldia egingo dute. Irteeran parte hartzeko derrigorrezkoa da federatua izatea. Kranpoiak eta pioleta eramatea ere beharrezkoa izango da, eta norberak eraman beharko ditu lo egiteko zakua eta izarak.

Bihar, osteguna, bukatuko da izena emateko epea, mendizaleen tabernan. Lagun Onak MBren bazkideentzat prezioa 60 eurokoa da, 40 eurokoa ikasleentzat eta langabetuentzat, eta 70 eurokoa gainontzekoentzat; autobusa eta aterpea (pentsio erdian) sartuta daude prezio horren barruan. Zapatu gaueko afaria Borjako upategi batean egingo dutela aurreratu dute mendizaleek.