Euskadiko txapelak jokoan izango dira igandean Ikasberriren XVII. Krosean

Uztarria.eus 2015ko urt. 27a, 17:03
Ikasberriren XVII. Krosa astelehenean aurkeztu zuten.

09:45ean hasiko dira lasterketak. Euskadiko Kros Txapelketa jokoan izango dute helduen mailakoek -11:30ean eta 12:00etan- eta Kros Motzen Txapelketa, berriz, seniorrek -12:30ean eta 13:00etan-.

Neguko atletismoaren Azpeitiko urteroko hitzordu nagusia, Ikasberri Kirol Elkarteak antolatutako krosa, igandean jokatuko da Azpeitiko Ikastola Ikasberriren ondoko zirkuitoan. Aurten, gainera, Ikasberriren XVII. Krosa izango denak Euskadiko txapelketak hartuko ditu: Euskadiko Kros Txapelketa, helduen mailan, eta Euskadiko Kros Motzen Txapelketa, seniorretan. Txapelak jokoan izango dituzten lasterketak jardunaldiko azken txanpan iritsiko dira, eguerditik aurrera. Kros festa, ordea, 09:45ean hasiko da, gazteenen probekin. Guztira, kimu edo alebin mailatik hasi eta proba nagusiak barne, bederatzi lasterketa jarraitzeko aukera izango da.

Atzo, astelehena, aurkeztu zuen Ikasberri KE-k aurtengo krosa, Loiola Hotelean egindako prentsaurrekoan. Elkarteko kide Mikel Arregi eta Xanti Azurmendirekin batera, aurkezpenean hitza hartu zuten Eneko Etxeberria alkateak; igandean krosean parte hartuko duten Nerea Etxeberria eta Xabat Manzisidor azpeitiar atletek; Asier Cuevas atletak; eta gaztetxoen atletismoko koordinatzaile lanetan aritzen den Egoitz Arrutik. Azken horrek azaldu zuenez, igandekoa asteburu osoko atletismo jardueraren gailurra izango da; zapatuan, izan ere, eskola kiroleko ekintzen barruan atletismoa lantzeko parada izango dute herriko ikasleek ere.

Lasterketen programa

09:45ean, jubenilak eta juniorrak. 2.550 metro.

10:00etan, kimuak neskak. 1.150 metro.

10:15ean, kimuak mutilak. 1.150 metro.

10:30ean, infantilak. 1.150 metro.

10:45ean, kadete mutilak. 2.550 metro.

11:15ean, kadete neskak. 1.650 metro.

XIV. Euskadiko Kros Txapelketa

11:30ean, gizonezko helduak. 5.150 metro.

12:00etan, 55 urtetik gorako gizonak, eta emakume helduak. 4.050 metro.

XIV. Euskadiko Kros Motzen Txapelketa

12:30ean, senior mutilak. 4.050 metro.

13:00ean: senior neskak. 4.050 metro.