Zizelkatutako burdinez eta harriz egindako lanak

Uztarria.eus 2015ko urt. 27a, 11:07

Angelo Jimenezek zizelkatutako burdinez eta harriz egindako eskulturen erakusketa jarri du Betharrametako aretoan. Usurbildar eskultoreak egindako 40 bat lan daude ikusgai, otsailaren 8a bitartean zabalik izango den erakusketan. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik, eta zapatuetan eta igandeetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara bitartean.

Jimenezek Hernanin ikasi zituen harria lantzeko teknikak, eta ordutik bere kasa ari da lanean. Lehenengo harria landuz hasi zen eskulturak egiten, eta burdinarekin ere egin ditu hainbat lan. Gauzak lantzeko eta formak sortzeko griña "aspalditik" datorkiola dio Urnietan bizi den usurbildarrak: "Egurra, koilara, sardeskak, edozer gauzari forma ematen aritu izan naiz, harriarekin topo egin arte". Betharrametan ikusgai jarri dituen obretan "garapena" ikusi daitekeela dio: "Lan bakoitzak bere esnahi garrantzitsua dauka. Burutazioetatik sortutakoak dira; familiak, emazteak eta semeek eragindako emozioak adierazten dira. Azken urteetako bizipenak, nolabait esateko".