Eskerrik asko eguneroko lan isilagatik

IƱaki Portilla (Industria, Merkataritza eta Turismo zinegotzia) 2015ko urt. 26a, 14:47

Krisi ekonomikoak eragindako notizia txar asko izan ditugu gure herrian azken zazpi urteetan. Eta egoera txar horren ondorio latzak sufritzen ari direnen izen-abizenak jarri beharra ditugu. Gure lehentasuna zarete. Izan ere, egin dezakegun gutxienekoa da gure esfortzu gogorrena zuei eskaintzea. Gure kezka handiena zarete.

Ez dakit gauzak aldatzen ote diren. Lanpostu duinak datozela ari dira esaten, baina ni ez naiz ausartzen oraindik ere horrelakorik esaten. Nahiagoko nuke horrela izango balitz. Aldaketa eta hobekuntza derrigorrezkoa dugu, oraindik ere, %14,40 langabezi tasa dugulako herrian. Baina esperantzari lotutako datuak badira. Eta horretan, batzuen ausardia goraipatzea nahiko nuke. Herri hau ausartek atera dute beti aurrera eta, orain, poztekoa da benetan Azcue y cia zen enpresako langileen ekimena. Ezagutzen dugu beraien sufrimendua, lana eta konstantzia. Dena galduta zegoenean ere aurrera jarraitzeko erabakia hartu dute.

Gure herriarentzat albiste ezinhobea da. Hau, ordea, ez da zerutik erori. Ez. Horren atzean langile (letra larriz) batzuen hilabeteetako lan andana eta isila dago eta izen-abizenak dituzte. Segi horrela eta gogor aurrera. Horregatik, Azpeitiko Udalak zorionak emateaz gain, elkarrekin lanean izango garela adierazi nahi dizue.

Beste erakundeen eta eragileen artean Udalari eman dizkiozue eskerrak, baina kasu honetan, Udalak eman nahi ditu eskerrik beroenak: zuei, langileei, eskerrak. Eskerrik asko eguneroko lan isilagatik eta jarraitu dezagula batera bide honetan.