Euskadi Gastronomika egitasmoarekin bat egin dute eskualdeko hamar enpresak

Uztarria.eus 2015ko urt. 26a, 12:14
Hamar enpresetako ordezkariak, eta Iraurgi Berritzeneko, Azpeitiko Udaleko, Urkomeko eta Basquetourreko kideak.

Urola Erdiko hainbat enpresak bat egin du Euskadi Gastronomika, Euskadiko Produktu Turistiko Gastronomikoaren klubarekin, eskualdeko produktuak eta zerbitzuak bultzatzeko helburuarekin. Hala nola, Kiruri, Mikel Uria, Larrañaga eta Jai-Alai jatetxeak, Egaña gozotegia eta Añota sagardotegia dira klubean sartu diren Azpeitiko enpresak.

Urola Erdiko hainbat enpresak bat egin du Euskadi Gastronomika, Euskadiko Produktu Turistiko Gastronomikoaren klubarekin, eskualdeko produktuak eta zerbitzuak bultzatzeko helburuarekin. Egitasmoaren aurkezpena egin dute gaur, astelehena, Basquetour Euskal Turismoaren Agentziako Zuzendari Arantza Madariagak eta Iraurgi Berritzeneko lehendakari Eneko Etxeberriak, Añota sagardotegian, eta bertan izan dira eskualdeko hamar enpresatako ordezkariak ere.

Hamar dira Euskadi Gastronomikarekin bat egin duten eskualdeko establezimenduak. Hala nola, Kiruri, Mikel Uria, Larrañaga eta Jai-Alai jatetxeak, Egaña gozotegia eta Añota sagardotegia dira klubean sartu diren Azpeitiko enpresak. Horiez gain, Azkoitiko Laja eta Joseba jatetxeek, Beizama Bizia kooperatibak eta Aizarnako Aranburu jatetxeak osatzen dute elkartearen eskualdeko kluba. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresekin eta jatetxeekin osatutako elkartea da Euskadi Gastronomika, eta nazioartean erreferente izatea du helburu. 

Arantza Madariaga Basquetour Euskal Turismoaren Agentziako zuzendariak esan duenez, enpresei "promozioan" lagunduko diete, "erreferente" izan daitezen. Gaurko aurkezpenean jaso dute hamar enpresek Euskadi Gastronomika-ren diploma, eta aurrerantzean zigilua erabiliko dute, "desberdintasuna" nabaritu dadin. "Denon lana da Euskadi erreferente izatea alor gastronomikoan eta lan asko dago egiteko, baina denon artean egin dezakegu", azaldu du Madariagak. Beizama Bizirik kooperatibako ordezkariek elkartearekin bat egin duten enpresa guztien izenean hartu dute hitza, eta "pozez" hartu dutela egitasmoa azaldu dute.

Eneko Etxeberria Iraurgi Berritzeneko lehendakariak gogoratu du krisiak "gogor astindu" duela Azpeitiko industria eta egoera "zaila" bizitzen ari dela eskualdea. Etxeberriak jakinarazi du orain arte industria izan dela Azpeitiko eta Azkoitiko jarduera nagusia, baina"pausoz pauso turismoari garrantzia" ematen ari direla. Horren harira, azaldu du Urola Gustagarri izan zela lehen urratsa, eta Euskadi Gastronomika elkartean sartzeko apustua egin dutela orain.