Azkue berriak badu martxan jartzeko argi berdea

Uztarria.eus 2015ko urt. 24a, 13:42
Azkuekoak, agerraldian. Mahaian, ezkerretik eskubira, Etxarte, Oleaga, Ceballos eta Yoldi.

Konkurtso Administrazioaren epaileak joan den ostegunean eman zuen Azcue y Cia SA lantegia izan zenaren ondasunak hango langile ohiek osatutako sozietate laboralari bi milioi eurotan esleitzeko baimena. Aurreikusitako epeak zuzen betez gero, "bost aste barru ekoiztutako aurreneko produktua merkaturatzeko" pronto izatea espero dute. 30 langilerekin ekingo diote lanari; 2015a amaitzeko 50era iristea espero dute, eta 80-100eko plantilla osatzea, 2016aren bukaerarako.

Azcue y Cia altzari lantegia zenaren hondarretatik sortutako enpresa proiektu berriak aste honetan jaso du lanari ekiteko espero zuen argi berdea. Oraindik erreposizio helegitea izan dezakeen auto batean, Donostiako 1. zenbakidun Merkataritza arloko epaileak bi milioi eurotan esleitu dizkio Azcue y Cia SA altzari lantegia izan zeneko ondasunak bertan industria jarduera berriro hasteko asmoa daukan sozietate laboralari (SL). Azcueneko langile ohiek osatutakoa da, hain zuzen ere, sozietate hori. 2012an itxi zen Azcue y Cia eta ordutik konkurtso prozesuan dago. Aipatutako ondasunen barruan daude 22.000 metroo karratuko solairua, bertako makineria eta iraganean enpresak erabilitako merkatal markak.

Joan den azaroan aurreratu zuten bezala, epailearen erabaki horren zain zeuden proiektu berria abian jarri eta Urrestillan dagoen lantegian berriro lanari ekiteko. Eta erabakia jakin bezain pronto, prentsaurrekoa eman dute gaur, zapatua, lantegian bertan. Azkue berria -'k' hizkiarekin idatzita- izango denaren berri emateko eseri dira mahaian Xabier Oleaga, sozietate laboral berriaren lehendakaria; Eduardo Etxarte, Azcueko langile ohia eta enpresa berriaren administrazio kontseiluko kidea; Antonio Ceballos kontseilari ordezkaria; eta Anabel Yoldi, ASLEren (Euskadiko Langile Sozietateen Elkartea) ordezkaria. Horiek hartu dute hitza, Azkue berria abian jartzeko babesa eman duten Azcue zeneko eta Azkue berriko bazkide diren hainbat langile eta senitartekok babestuta; haien artean zegoen Luis Azkue ere, Azkue y Cia-ren jabeetakoa, 1933an lantegia sortu zuen familiaren ordezkaria. "Argazki honek irudikatu nahi du -esan du Oleagak- proiektu honek Azpeitian eta Urola aldean sortu duen ikusmin handia".

Lanean hasteko prest

Oleagak berak azaldu duenez, epailearen erabakiari helegiteak aurkezteko bost eguneko epea ireki da eta, beraz, "ibilbide judiziala agortzeko oraindik urratsak" falta dira. Dena den, Azkue berriko arduradunek ez dute uste prozedura asko luzatuko denik. "Helegiterik ez badago, epailearen erabakia berretsi eta hilabeteko epea irekiko da, 2.000.000 euroko ordainketa gauzatzeko". Kopuru horren erdia SL-ko bazkideen ekarpenekin ordainduko da, eta beste erdia finantza erakundeekin adostutako finantziazio planaren bidez.

Ekoizpenari noiz ekingo dioten zehaztu ez duten arren, aurreikusitako epeak zuzen betez gero, "bost aste barru ekoiztutako aurreneko produktua merkaturatzeko" pronto izatea espero dutela adierazi du Ceballosek; Azkue berria abian jartzeko langile ohiekin batera proiektu berria osatu duten Kantabriako inbertsoreetako bat da bera. Hasieran, goi-mailako kalitatezko parketa ekoiztuko du enpresa berriak, baina ondoren goi-mailako altzarigintzari ekingo diote, "horrela oholaren arloko eskaintza integrala osatu arte", azaldu dute arduradunek.

Atzetik aurrera

Prentsaurrean berretsi dutenez, 30 langilerekin ekingo diote lanari; 2015a amaitzeko 50era iristea espero dute, eta 80-100eko plantilla osatzea, 2016aren bukaerarako.

Langille ohiekin osatutako sozietate laboralak, orain gauzatu den salmenta eskaria egiteko, 94 langile ohiren babesa jaso zuen. Babes zabal hori eskertu nahi izan du, besteak beste, Eduardo Etxartek. Azcueko langile ohi eta Azkue berriaren administrazio kontseiluko kide, "atzera begira" jartzea nahi izan du Etxartek, hainbat jenderen era bateko edo besteko ekarpenak gogora ekarriz eta eskertuz: langile ohiak, enpresa itxi ondoren proiektu berri bat abiarazteko lanean aritu direnak edota Azpeitiko Udala. Aipamen berezia egin die Antonio Altunari, Jose ignacio Azpiazuri eta Miguel Etxanizi, eta eskerrak eman dizkie, era berean, Luis Azkueri, Xabier Oleagari, Antonio Ceballosi eta horren taldekoei.

Enpresa proiektu berria abiarazteko bidean "desertuak eta oihanak" igaro behar izan dituztela esan du zenbait unetan hunkituta aritu den Etxartek, izandako zaitasunak nabarmentzeko. "Parte-hartzea bultzatzea eta sozializatzea, hori izan da helmuga", esan du. Epaileari eskaintza egiteko beren sinadura eman dutenen artean "74 barruan egon nahi dutenak" direla azaldu du, eta langile kopurua igotzen doan heinean lehentasuna 74 horiek izango dutela berretsi du. "Gure konpromisoa 74 langile ohi horiekiko da, herriarekiko eta bailarekiko", gaineratu du.