Maren Belastegi: "Euskara mapatik ezabatu nahi du Urkijok"

Gipuzkoako Hitza 2015ko urt. 23a, 13:29
Maren Belastegi UEMAko lehendakaria. (Erabili.com)

Garai zailak dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearentzat. Eguneroko jardunaren erronkei aurre egiteaz gain, begi bat epaitegietara begira dute, hainbat udalek Carlos Urkijoren helegiteei aurre egin beharko baitiete. Auzi hori "euskararen aurkako eraso argia" da, Maren Belastegi (Bergara, 1986) Uemako lehendakariaren aburuz. Azpeitia UEMAko kide da 2008az geroztik.

Abenduan iragarritako sei udalez gain, beste zazpi auzipetu ditu hil honetan Carlos Urkijok. Helegiteen zergatia berbera al da?

Gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidaltzea da arrazoi nagusia. Kontratazioetako, diru laguntzetarako eta udalak euskalduntzeko adostutako hizkuntza irizpideak eta zenbait udalen euskara planak ere susmopean jarri ditu Urkijok. Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara, Itsasondo, Amezketa, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oñati, Oiartzun eta Usurbil: guztira, hamahiru udalek jaso dituzte helegiteak. Altzagak eta Itsasondok atzera egitea erabaki dute, baina gainerakoek aurrera jarraituko dute.

Zerain Ueman sartu izanari ere helegitea jarri dio Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Zergatik?

Haren esanetan, euskara ez da udalen eskumena, eta ez dute zerbitzu hori zertan eskaini. Hori dela eta, Zerainek Uemaren beharrik ez duela ikusten du Urkijok. Joan den larunbatean onartu genuen Zerain elkarteko kide gisa, baina lehenagotik esana zuen udala auzitara eramango zuela.

Auzi osoa Gipuzkoan zentratu da, beraz.

Bai, udalerri guztiak gipuzkoarrak dira. Izan ere, bertako aldundiak administrazioko kontratuetan hizkuntza klausulak sartzeko ekinbidea bultzatu zuen, udalekin elkarlanean, eta horren harira hasi ziren aktak euskaraz bakarrik bidaltzen. Hortik etorri da helegiteen kontu guztia. (Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitza-ren webgunean).

2012an abiatu zuten Proiektu Elkartuak egitasmoa Gipuzkoako udal gehienek, UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eta aldundiak. Udal administrazioek euskara normalizaziorako pausuak egin zitzaten, ideia horretatik abiatuta sortu zuten udalekin egitasmoa, udaleko administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak modu bateratuan ezartzeko. 

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta hainbat udalerrirekin batera, Azpeitiko Udalak ere jaso zuen joan den apirilean Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok bidalitako ohartarazpena, kontratazioetan hizkuntza irizpideak eskatzeagatik. 

Azpeitia UEMAko kide da 2008az geroztik.