Ignacio Arakistain: "Guk ez ditugu elizako kantak jotzen, musika obrak interpretatzen ditugu"

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 21a, 16:17
Arakistain organua jotzen.

Soreasuko Sebastian Donearen parrokiko organoko teklak ukitzen dituen musikaririk gazteena da, ziur aski, Ignacio Arakistain (Azpeitia, 1998). Duela lau urte hasi zen Arakistain organoa jotzen, baina atzo jardun zuen lehen aldiz San Sebastian Eguneko mezan, Jose Luis Frantzesena maisuari jarraipena emateko.

Ardura handia sentitu al duzu zuen betiko maisuaren ordez jotzean?

Jakina, zaila da Frantzesena ordezkatzea. Gainera, hain justu, alboan izan dut goiz osoan; berari begiratzen nion, eta keinu baikorrak egiten zizkidan. Horrek lagundu dit.

Gustura gelditu al zara mezan zehar eginiko lanarekin?

Bai, uste nuena baino lasaiago egon naiz. Felipe Murillo abesbatzako zuzendariak ere zorionak eman dizkit mezagatik, eta pentsatzen dut ondo aritu naizela.

Abesbatza da elizako beste instrumentua, harekin koordinatzeak zailtasuna eransten al dio zure lanari?

Jakina. Organoa jotzea soilik balitz, nire ardura izango litzateke dena, eta neuk kudeatu beharko nuke erritmoa; baina abesbatza hor dagoenez, zuzendaria eta bion artean moldatu behar gara.

Bi laguntzaile izan dituzu saioan. Zein da beraien eginkizuna?

Bai, Mikel Arenasek eta Ander Etxabek lagundu didate, eta eskerrak eman nahi dizkiet biei. Erregistratzen eta orrialdea pasatzen laguntzen didate, baina hori baino gehiago egiten dute: laguntza morala eta lasaitasuna ematen dizkidate, ondoan ditut beti.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.