Sansebastianen balorazio "positiboa" egin du Udalak

Uztarria.eus 2015ko urt. 21a, 13:03
San Sebastian bezperan plaza.

Udal ordezkarien aburuz, "inoiz baino jarrera hobeagoa" izan da aurtengo danborradan. Hurrengo asteetan bilduko dira Udal ordezkariak danborradako taldeekin eta elkarteekin, "balorazio sakonagoa egiteko eta oraindik hobetu daitezkeen arloak lantzeko".

Azpeitiko Udalak sansebastianen balorazio "positiboa" egin du. "Nahiz eta iragarpenak ez ziren onak, eguraldiak lagundu zuen, Gure Esku Dago-ren abestia oso ondo irten zen, haurrek eta gaztetxoek portaera oso ona izan zuten euriaren aurrean eta Udal Liburutegiaren 50. urteurrenean oinarritutako karrozak kritika onak jaso zituen", azaldu dute. Udal ordezkarien aburuz, "inoiz baino jarrera hobeagoa" izan da aurtengo danborradan: "Horregatik, herritarren esfortzua eskertu eta zoriondu nahi dugu. Esfortzu horrekin jarraitu behar dugu danborrada hobeagoa egiten jarraitzeko". 
 
Hurrengo asteetan bilduko dira Udal ordezkariak danborradako taldeekin eta elkarteekin, "balorazio sakonagoa egiteko eta oraindik hobetu daitezkeen arloak lantzeko". Udalak eskerrak eman dizkie "modu batean edo bestean, sansebastianak ondo irteten lagundu eta parte hartu duten guztiei".