Umeek ere gogotik astindu dituzte danborrak

Uztarria.eus 2015ko urt. 20a, 15:36

Azpeitiko kaleak jendez bete dira berriro San Sebastian egunaren eguerdi partean, haurren danborrada jarraitzeko. Festetako danborjole txikienek ondo baino hobeto egin dute berea, gogoz eta ilusioz, eguraldia lagun izan ez badute ere. Danborradarekin batera ekin dio euri finak; kaleetako ibilbidean zehar nahikoa eutsi dio, eta parte-hartzaileak plazara iritsi direnean hasi da gehiago botatzen.

Hala ere, festa giroak gaina hartu dio eguraldi eskasari eta ederra izan da umeen danborrada. Desfilea itxiz, Udal Liburutegiaren 50. urteurrenari eskainitako karroza joan da, Goretti eta Leire Iriarte ahizpek diseinatutakoa. Udaletxean, berriz, Inazio Agirre Ederti zenaren alargunak, seme-alabek eta sendikoek Udalaren omenaldia jaso dute, plazan umeek danborrak astintzen zituzten bitartean.

Sokamuturra eta bandera jaistea

Sansebastianak azken txanpan sartu dira. Arratsaldean, 16:30ean hasita, sokamuturra izango da nagusi erdiguneko kaleetan; umeekin bestelako arratsalde pasa nahiago dutenek, berriz, haur parkea izango dute Olazko Andre Mariaren plazan, 16:00etatik 20:00etara. Eta festak agurtzeko, nola ez, gauerdian danbor hotsak berriro, bandera jaisteko ekitaldian.

23:15ean abiatuko dira Bustinzuriko Errebaletik aurtengo azken danborradan parte hartuko duten helduen taldeak: Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot eta Landeta-Egizale. Olazko Andre Mariaren plaza, Goiko Kale, Donejakue, Elizkale, Enparan eta Erdikalea igarota, plaza Nagusian bukatuko dute ibilbidea, gauerdian San Sebastian Martxa-ren doinuekin bandera jaisteko.