Une bereziz betetako danborradarekin hasi dira sansebastianak

Uztarria.eus 2015ko urt. 20a, 01:52
Plaza beteta, bandera igo ondorengo irudian.

Helduen danborradan 50 urte bete dituzten Landeta-Egizale eta Gure Ametsa taldeak, eta Gure Ametsako zuzendari Manuel Altuna Kanpaxa, omendu dituzte udaletxean, gauerdian bandera igo ondoren. Plazan, talde guztiak elkarturik, Gure Esku Dago-ren abestia jo eta abestu dute.

Astelehen buruzuriaren gaua festaz jantzi da Azpeitian. San Sebastian bezpera ohi bezala ospatu dute azpeitiarrek, helduen danborrada jendetsu, zaratatsu eta koloretsuaren bueltan. Eta, askok uste ez bezala, lehorretik, gainera!; bandera igo ondoren ekin dio euriak une batez, baino ez du eragozpen handirik eragin. Egunean zeharreko zaparradak ahaztuta, gutxitan bezain puntual abiatu da 26 taldeen desfilea Olazko Andre Mariaren plaza ingurutik, 22:15ean, eta euriaren eragozpenik gabe bete du ibilbide osoa, parrokiako geldialdia eta plazako azken egonaldia arte.

Gauerdirako elkartuta zeuden plazan talde guztiak, udaletxeko balkoia banderadunez beteta. Gauerdiarekin, San Sebastian Martxa-ren doinuarekin igo dute udaletxeko balkoi horretantxe Azpeitiko bandera; ondoren etorri da Soreasuko Sebastian, eta hortik atzera Azpeitiko danborradaren errepertorioa osatzen duten gainerako piezak. Errepertorio horretan tarte berezia hartu du aurten pieza berri batek: Gure Esku Dago dinamikaren kantuaren egokitzapenak. Entseguetan bati baino gehiagori buruhausteak eman dizkion pieza jendaurrean jo dute, azkenean, Azpeitiko plazan. Danbor eta barrika soinuekin batera, abeslariek borobildu dute interpretazioa; besteak beste, Nagore Illarramendik, Jon Gurrutxagak, Jone Urrestillak, Maite Garmendiak eta Joxe Mari Arregik jarri diote ahotsa kantari, Lurdes Isart eta Gure Esku Dago-ko idazkari Karmele Olabarrieta udaletxean omendu dituzten bitartean.

Baina ez da hori izan gaueko lehen une berezia. Bandera igo bezain pronto, helduen danborradan 50 urte bete dituzten Landeta-Egizale eta Gure Ametsa taldeak, eta Gure Ametsako zuzendari Manuel Altuna Kanpaxa, omendu dituzte udaletxean.

Une bereziz betetako danborrada izan da 2015eko San Sebastian festak hasteko balio izan duena. Bihar, San Sebastian eguna, jarraipena izango du festa giroak.