Iñaki Olaizola: "Gustura ez baduzu egin behar, etxean geldituta hobe"

Uztarria.eus 2015ko urt. 19a, 12:09
Iñaki Olaizola entsegu batean.

Ordu gutxi batzuk falta dira herria danbor hotsek hartzeko, eta zenbait urduritzen hasita izango da dagoeneko. Gaur arte lasai egon bada ere, urduritasun apur bat izango du Iñaki Olaizolak (Azpeitia, 1994), aurten lehenengoz zuzenduko du-eta Irrintzi taldea, Jose Karapetori erreleboa hartu ostean. Uztarria.eus-ek Olaizolarekin hitz egin du.

Hainbat urtez zuzendari izan den Karapetoren lekukoa hartu duzu.

Aita Irritzi elkarteko bazkidea da, eta hark egin zidan gonbita. Inor ez zela puntatzen eta nahi al nuen atera esan zidan. Esan nion beste inor ez bazen aurkezten, azken aukera moduan, aterako nintzela, baina ahal bazen beste norbait bilatzeko. Beste ausartik ez da animatu, eta neu izango naiz Irrintziko zuzendaria.

Gustura al zaude?

Bai. Asko pentsatutako erabakia izan da. Ez da erraza hainbeste lagunen artean zuzendari ateratzea, baina bai, gustura nago. Gustura ez baduzu egin behar, etxean geldituta hobe.

Inoiz aritu al zara zuzendari lanetan?

Karapetorekin atera izan nintzen zuzendari txiki moduan, baina bestela inoiz ez. Hori bai, etxean jardun izan dut telebista aurrean zuzentzen.

Noiz hasi zinen entseatzen?

Duela bi aste hasi nintzen entseatzen. Etxean aurikularrak jantzi eta hala jardun nuen. Bestalde, osaba ere zuzendaria da Alkartasuna taldean, eta harekin ere aritu naiz. Osabak erakutsi dit nola zuzendu. Txikitan zuzendari aritutakoa naiz, eta kantuei itxura hartzen nien, baina ez soilik itxura hartzea, jardun egin behar da. Entseguak ere ondo joan dira, nahiko ondo moldatu naizelakoan nago. Kanta berri horrekin lan pixkat gehiago izan dut, baina beno.

Afizioa etxetik datorkizue, beraz.

Osaba ere duela urte pare bat-edo hasi zen. Afizioa badugu, baina familiako gehienek danborra jotzen dute. Zuzendari lanetan oraintsu hasi gara. Neu ere azken bost urteetan danborra jotzen atera naiz Irrintzi elkartetik.

Gustuko festak al dituzu sansebastianak?

Bai, egun ederra izaten da gaurkoa. Arratsaldean lagunekin atera, poteatu eta soziedadera. Aurten txintxoago ibili beharko dut, ordena pixka bat jarri beharko dut eta. 

Zer egin zaizu zailena?

Atabala eta danborra bereiztea, kanta batzuen zenbait zatitan. Abesti batzuetan garbi nabaritzen duzu zer datorren, baina beste batzuetan ez dakizu atabalak edo danborra tokatzen den, eta kontzentratuta egotea eskatzen du horrek.

Kantarik errezena? Eta, gustukoena?

San Sebastian martxa da errazena, eta Goizeko izarra gustatzen zait gehien. Berria da, baina ederra.

Zer moduzko artaldea duzu?

Oso gaztea. Bazkide asko ez dira ateratzen jada, eta sozioen semeak-eta hasi dira irtetzen. Errelebu aldaketa iritsi da, eta taldearen adin tartea asko jaitsi da aurten.