Josu Albero: "Wikipediak 'engantxatu' egiten du"

Uztarria.eus 2015ko urt. 16a, 12:49
Josu Albero wikilaria.

Uztarria herri aldizkariaren azaroko zenbakia Uztarria.eus-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 168. zenbaki horretan Josu Albero Wikipediako wikilariari egindako elkarrizketa ekarri dugu hona.

Sareak eskaintzen duen informazio iturri baliotsuenetakoa da egun Wikipedia. 2003. urtean sortua, 288 hizkuntzatan eskuragarri dagoen entziklopedia aske horrek badu euskarazko bertsioa, 205.000 sarrera inguru dituena. Ehunka kolaboratzaile anonimo dira jakinduriaren biltegi digital hori ahalik eta modu zehatzenean eta egokienean osatzeaz arduratzen direnak; tartean da Josu Albero. 

Nolatan hasi zinen euskarazko Wikipedia osatzen? 

2006. urtean ekin nion lanari. Sarean nenbilela egin nuen topo webgunearekin, kasualitatez, eta oso ezusteko atsegina izan zen. Pixkanaka, kolaborazioak egiten hasi nintzen, denetariko arloak landuz. Denborarekin, ordea, biologiarekin lotutako gaiak jorratzeari ekin nion, Biologia Zientzietan lizentziaduna bainaiz. Zortzi urte eta erdi daramatzat horretan, Wikipediak bi zaletasun handienak uztartzeko aukera ematen didalako: euskara eta biologia.

Nola egiten da lan hori?  

Wikipediako kolaboratzaileak oso anitzak gara, eta norbere metodoak ditugu. Ahalik eta originalena izaten saiatzen naiz. Egia da artikulu batzuetan ingelesezko edo gaztelaniazko bertsioen ia hitzez hitzeko itzulpena egiten dela, baina bide hori ez da interesgarria. Zer falta den begiratzen dut, eta ditudan liburuak eta apunteak erabiliz osatzen ditut sarrerak. Batzuetan beste hizkuntzetako artikuluetatik ateratzen dut informazioaren zati bat, baina ez ditut itzulpen zehatzak maite. Guztira, 520 artikulu idatzi ditut orain arte, eta %90 baino gehiago biologiaren arlokoak; mikrobiologiaren, immunologiaren, fisiologiaren, genetikaren eta biokimikaren esparrukoak, esaterako.

Zenbat pertsonak osatzen duzue euskarazko Wikipedia?  

1.400 lankide edo wikilari inguru gaude; hala deitzen zaie hamar ekarpen edo gehiago egin dituztenei. Ez da artikulu kopuru handia, beraz, jende asko sar daiteke talde horretan. Horietatik guztietatik, ordea, 35 bat lagun dira aktiboak. Bigarren talde horretan sartzen dira hilero gutxienez 50 ekarpen sortzen dituztenak.

Edozeinek sortu al ditzake artikuluak? 

Bai, Wikipediaren ezaugarri nabarmenena da irekia dela. Horrek esan nahi du edonork sarrera berriak sortu edo lehendik daudenak alda ditzakeela, aukera horren alde onekin eta txarrekin. Parte hartzeko baldintza bakarra da euskaraz idazten jakitea, ez dago besterik. Bakoitzak gustukoen edo ezagunen duen esparrua hautatu dezake, hanka-sartzeak ekiditeko eta informazio txukuna eskaintzeko.

Zeintzuk dira euskarazko Wikipediaren oztopoak? Zeintzuk erronkak? 

Wikipedia ia 300 hizkuntzatan dago, eta horietatik, artikulu kopuruari begira, 33. postuan dago euskara. Gainera, jada gainditu du 200.000 sarreren langa, eta oso datu onak dira. Lankide oso aktiboak eta saiatuak aritzen dira bertan: izan ere, 800.000 euskal hiztun izanik, proportzioan, gaztelaniazko eta frantsesezko bertsioetan baino erabiltzaile aktiboagoak ditugu. Horri begira, ez diot inongo oztoporik ikusten, eta oso osasuntsu dagoela esango nuke. Askotan, ordea, artikulu kopuruari soilik begiratzen zaio, baina hori bezain garrantzitsua da kalitatea. Horixe da erronka: euskarazko Wikipediaren kalitatea hobetzea.

 
Internet eta sinesgarritasuna, betiko afera. Fidagarria al da Wikipediak eskaintzen duen informazioa? 

Entziklopedia irekia izanik, akats asko dituela esan ohi da sarritan. Sakon eta zorrotz aztertuz gero, baina, ez dela horrela ikus daiteke. Zentzuzkoa denez, zenbat eta lankide gehiago izan, orduan eta fidagarriagoa izango da webgunea; hori horrela, ingelesezko bertsioa da onena, 900.000 wikilari baititu. Trafiko handia du, eta akatsak azkar ikusi eta zuzentzen dira. Gainera, Nature aldizkariak 2005. urtean egin zuen ikerketaren arabera, ingelesezko Wikipediako artikulu zientifikoak Entziklopedia Britainiarrekoak bezain fidagarriak dira. Euskarazkoari begira, Elhuyar fundazioak adierazi zuenez, artikulu bikainak nahiz sarrera aski kaxkarrak aurki ditzakegu. Badira artikulu oso sakonak eta mamitsuak, adituek eginak, baina beste batzuk motz gelditzen dira. Horregatik, berebizikoa da kalitatea hobetzea. Kontuan izan behar da entziklopedia irekia dela eta edonork aldatu ditzakeela gauzak. Horregatik, administratzaileak oso garrantzitsuak dira, kalitatea zaintzeaz arduratzen baitira. Euskarazkoan, hamaika administratzaile daude, eta artikuluak berrikusten eta zuzentzen dituzte. Lan hori, ordea, beste edonork ere egin dezake; okerrak ikusiz gero, aldatu.

Anonimotasunetik egindako lana izaten da. Behar bezala eskertuta al dago? 

Horretan aritzen naizela dakitenek sarritan esan didate oso praktikoa dela. Baditut irakasleak diren lagunak eta haien ikasleek informazioa Wikipedian begiratzen dutela kontatu izan didate. Gainera, Interneteko bilatzaileek entziklopedia ireki horretako edukiak lehen tokian jartzen dituzte gehienetan, beraz, aurkitzeko errazak dira. Gure lana anonimoa da, auzolanean, denon artean, egindako entziklopedia baita. Beti esaten diot jendeari parte hartzera animatzeko eta bakoitzak bere ekarpenak egiteko; zerbait falta dela edo laburra dela ikusiz gero, sartu eta osatu.

Aurrera begira, lanean jarraitzeko gogoz al zaude?
 
Bai, Wikipediak 'engantxatu' egiten du. Horrenbestez, segitzeko asmoa daukat, euskarazko bertsioa ahalik eta gehien hobetzeko. Izan ere, Interneten presentziarik ez duen hizkuntzak ez du etorkizunik. Beharrezkoa da Wikipedian, sare sozialetan, blogetan eta abarretan egotea. Munduko hizkuntzen %5 baino ez dago sarean, eta horiek jarraituko dute bizirik datozen urteetan. Euskara tartean dago, eta osasun digital ona duelakoan nago, beraz, ez da desagertuko.