Irekita dago lanbide heziketako probetan izena emateko epea

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 16a, 11:00

Erdi eta goi mailako ikasketetarako sarrera proba egiteko Urola Ikastolan eman daiteke izena, eta asteartea izango da horretarako azken eguna.

Ireki dute izena emateko epea erdi eta goi mailako ikasketetarako sarbidea bermatzen duten progak egiteko, eta horretarako aukera eskaintzen dute Azpeitiko eta Azkoitiko Urola Ikastolan ez ezik, baita lanbide heziketako edozein zentrotan ere. Asteartean, hilaren 21ean, amaituko da eskaerak egiteko epea, eta maiatzean eta ekainean egingo dituzte azterketak ikasleek.

Bi zatitan banatu dute sarbidea. Maiatzean, proba orokorra egingo dute: matematika eta euskara edo gaztelaniaren azterketak izango dituzte. Ekainean, berriz, lanpostuari lotutako proba espezifikoak egin beharko dituzte. Hala ere, lan esperientzia duten pertsonek aukera izango dute proba espezifikoa ez egiteko.

Urola Ikastolak epeei eta azterketei buruz informazioa eskaintzeko zerbitzua du, eta bertara joanez gero, herritarrek aukera izango dute zalantzak galdetzeko, Interneten eskuragarri duten informazioa ezagutzeko edo beste urte batzuetako azterketa ereduak ikusteko. Informazioa emateaz arduratzen den pertsona astearteetan egon ohi da Azpeitiko eskolan, 08:00etatik 14:30era; eta ostegunetan, berriz, Azkoitikoan, ordu berean. Herritar guztiak joan daitezke institutu horietara informazio eske.

Bestetik, eskualdeko eskoletan aurre matrikulazioak egiteko epeak ere aurki irekiko dituzte. Hain zuzen, otsailaren 2an hasiko dira, eta hilaren 13ra bitartean izango dute izena emateko aukera herritarrek eskualdeko ikastetxe eta ikastoletan.