Ikasleak danborrak astintzeko prest

Uztarria.eus 2015ko urt. 16a, 11:10

San Sebastian bezperan jai izango dutenez, herriko ikastetxeetan gaur egingo dituzte aurtengo danborradak. Arratsaldean murgilduko dira festa giroan Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean.

Ikastetxeetako danborradak ohi baino lehenago datoz aurten. San Sebastian bezperan kaleko festaren aurrekari izaten dira ia beti, baina oraingoan urtarrilaren 19an, astelehena, ez da eskolarik izango Azpeitian. Horrenbestez, ostiralera aurreratu dituzte danborradak Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean. Hiruetan, arratsaldez izango dute danbor festa.

Goiztiarrenak Karmelo Etxegaraiko Euskal Herria kaleko eraikinekoak izango dira; han 15:30ean hasiko da ikasleen danborrada. Perdillegiko ikastetxean, berriz, 16:00etan dute hitzordua.

16:00etan hasiko da danborrada Ikasberrin ere. Haur Hezkuntzako txikienetatik hasi eta LH6 mailara artekoek batera ospatuko dute festa.

Iraurgi Ikastetxean, berriz, eguraldiaren arabera osatuko dute festa. Euririk ez bada, HHtik hasi eta DBH2ra artekoak Betharramen elkartuko dira, 16:00etan. Eguraldia lagun ez bada, ordea, HHkoak beraien eraikinean geldituko dira eta hara  joango zaizkie DBHkoak, 16:00etan; ondoren Betharramera joango dira DBHkoak, LHkoekin jotzera, 16:30ean.