Zapatuan Donostian egingo den manifestaziorako deia egin dute bailarako hainbat eragilek

Uztarria.eus 2015ko urt. 15a, 20:20
Azkoitiko Elkargunean egin dute agerraldia Urola Erdiko eragileek.

Abokatuen kontrako operazioaren ondoren Euskal Herriko hainbat alderdi, sindikatu eta taldek deituta Giza eskubideak. Bakea. Konponbidea lemapean egingo den mobilizazioarekin bat egin dute. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik eta hara joateko autobusa ere prestatu dute. Azpeitian, Jim Clark, Zuhatz eta Orkatz tabernetan eman daiteke autobuserako izena.

Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Zestoako ELA, LAB, CNT, Bilgune Feminista, Ernai, EA, Aralar, Sortu eta Etxerateko ordezkariek, ikasleen ordezkariek eta preso, iheslari eta deportatu ohiek agerraldia egin dute gaur, osteguna, Azkoitiko Elkargunean, zapatuan Donostian egingo den manifestaziora joateko deia eginez.

Abokatuen kontrako operazioaren ondoren Euskal Herriko hainbat alderdi, sindikatu eta eragilek deituta Giza eskubideak. Bakea. Konponbidea lemapean egingo den mobilizazioarekin bat egin dute, horrenbestez, bailarako eragileek. Asteleheneko polizia operazioaren "izaera erabat politikoa" salatu dute eragileek, agerraldian irakurri duten mezuan; Euskal Herria "denboran atzera begira jarri" duela eta "sarekada soberan" zegoela gaineratu dute. Operazioaren atzean Espainiako Gobernuaren eskua ikusten dute, atxiloketak "gero eta hedapen handiagoa duten eremu politikoak, juridikoak eta sozialak Espainiako Gobernuak indarrean daukan espetxe politika zalantzan jartzen duten unean iritsi" direla nabarmenduz. Horrekin lotuta aipatu dituzte joan den larunbatean Bilbon egin zen presoen eskubideen aldeko manifestazioa, asteartean Espainiako Auzitegi Gorenak Frantziako estatuko espetxeetan zigorra bete duten presoen zigorra luzatzea erabaki izana, astelehenean bertan hastekoa zen baina abokatuen atxiloketak medio atzeratu duten ezker abertzaleko 35 kideren kontrako epaiketa, eta 2013ko Herrira-ren kontrako operazioan atxilotu zituztenak Guardia Zibilak deklaratzera deitu izana, tartean Eneko Ibarguren azpeitiarra.

"Atxiloketak eta utzi dituzten ondorioak eraso zuzena dira bake, askatasun eta demokrazia egoera bat sortzeko egiten ari diren ahaleginei eta egoera sozial eta politiko berriari", esan dute deitzaileek. "Egoera berri horren aurka egitearekin tematuta dagoen estatua dugu aurrez aurre", diote: "Bada garaia herri hau Espainiako estatuak kondenatu nahi duen zurrunbilotik ateratzeko".

Autobusa Donostiara

Zapatuko manifestazioa 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik eta hara joateko autobusa ere prestatu dute. Azpeitian, Jim Clark, Zuhatz eta Orkatz tabernetan eman daiteke autobuserako izena; Azkoitian, Etxeaitzen eta Zakelan; eta Zestoan, ohiko lekuetan.