Sansebastianak, denok gozatzeko festak

Uztarria.eus 2015ko urt. 15a, 16:59
Festen aurkezpen jendetsua egin zuten udaletxean.

Igandetik asteartera egingo diren festak aurkeztu zituzten asteazken iluntzean udaletxean. Danborradak izango dira beste behin ekitaldi nagusiak. Helduen danborradan bi taldek, Landeta-Egizalek eta Gure Ametsak, 50 urte beteko dituzte aurten; baita Gure Ametsako Manuel Altuna Kanpaxa-k ere, zuzendari lanetan.

"Azpeitiarrok barrutik gozatzen ditugun festak dira sansebastianak", zioen Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak atzo, 2015eko San Sebastian festak aurkeztuz udaletxeko areto nagusian egindako prentsaurrekoan. Eneko Etxeberria alkatea, Landeta-Egizaleko ordezkari bat eta Gure Ametsako bi izan zituen alboan Ibarzabalek, eta atzean eta alboetan Azpeitiko helduen zein haurren danborradan parte hartzen duten talde gehientsuenetako ordezkariak, danborradako jantziak soinean zituztela. Umeen danborradaren karroza egin duten Goretti eta Leire Iriarte ere bertan ziren. 1.300 lagunek hartuko dute parte San Sebastian bezperan helduen danborradan, eta 530 ume inguru aterako dira San Sebastian eguneko haurrenean.

Landetakoek eta Gure Ametsakoek 50 urte beteko dituzte aurten helduen danborradan, eta horregatik eseri ziren mahaian. Gure Ametsakoek bi ordezkari izatearen arrazoia, berriz, horietako bat Manuel Altuna Kanpaxa taldearen zuzendaria zela izan zen. Taldea lehen aldiz atera zenetik eta hutsik egin gabe zuzendu izan du Kanpaxak Gure Ametsa danborradan, eta berak ere mende erdia beteko du festan astelehen gauean.

Aipatutako urteurrenak izango dira aurtengo danborradaren berezitasun aipagarrienak, bezperako danborradan taldeek plazan joko duten pieza berriarekin batera: Gure Esku Dago-ren abestiaren moldaketa. "Ikusiko dugu jotzeko gai izango garen", zioen Ibarzabalek; "atzo -astearteko lehen entsegu nagusiaz- baino hobeto egiteko gai izango garela espero dut!", gaineratu zuen, umorez. Gehiago entseatu nahi duenak, pieza Uztarria.eus-en entzunda egin dezake.

Festa batzordeburuak, alkateak eta danborradan mende erdia beteko duten taldeetako ordezkariek gonbita luzatu zieten, azpeitiarrei eta bisitariei, festetan parte hartu eta ondo pasatzeko.

Egitaraua

Urtarrilak 18, igandea

  • 12:00. Sokako zezen txikia Erdikaletik plazara. Ondoren, zenzen txikiak eta poniak, Zezenbeltzen eskutik, plazan.
  • 16:30. Sokamuturra.

Urtarrilak 19, astelehena. San Sebastian bezpera

  • 22:15. Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, herriko kaleetan zehar helduen danborrada.
  • 00:00. Talde guztiak plazan elkartuta direla, bandera igoko dute udaletxeko balkoian, San Sebastian martxa-ren doinuekin. Danborradaren pieza guztiak joko dituzte ondoren.

Urtarrilak 20, asteartea. San Sebastian eguna

  • 09:30. Txistularien eta Musika Bandaren kalejira, Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeek lagunduta.
  • 10:00. Prozesioa.
  • 10:45. Meza nagusia Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan.
  • 12:30. Haurren danborrada, Artzubitik eta Arana kaletik abiatuta.
  • 16:30. Sokamuturra.
  • 00:00. Bandera jaitsiera.