Eñaut Elorrietaren kontzerturako sarrerak zozkatu ditu Uztarriak

Uztarria.eus 2015ko urt. 15a, 12:33

Elorrietak 2013an kaleratutako diskoaren izena esan behar zuten bazkideek zozketan parte hartzeko, eta Jone Azkuek eta Aitor Larrañagak sarrera bana eskuratu dute.

Eñaut Elorrietak zapatuan, hilak 17, eskainiko duen kontzerturako bi sarrera zozkatuko ditu Uztarria Komunikazio Taldeak bazkideen artean, eta sarrera bana eskuratu dute Jone Azkuek eta Aitor Larrañagak. 

Kontzertua 22:30etan hasiko da, Soreasu antzokian. Orkatz Libre dinamikak antolatu du kontzertua. Izan ere, joan den uztailaren 30ean, San Inazio bezperan, jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak herriko tabernen auzia bezala ezagutzen denaren epaia, eta beste 103 herriko tabernarekin batera, Orkatz Kultur Elkartearen egoitza konfiskatzeko agindu zuen.

Elorrietak 2013an kaleratutako diskoaren izena esan behar zuten bazkideek zozketan parte hartzeko, eta zuzen erantzun duten parte hartzaile guztien artean egin du zozketa Uztarriak. Erantzuna Deserriko kantak da, eta Uztarria saritutako bazkideekin harremanetan jarriko da, sarrerak nola eskuratu behar dituzten adierazteko. 

Salgai daude kontzerturako sarrerak Interneten, Orkatz Kultur Elkartean eta Sanagustin kulturgunean. Sarrera aurrez hamar euro ordaindu beharko da, eta egunean bertan, berriz, hamabi euro.

Lehiaketa gehiago datozen asteetan

Uztarria Komunikazio Taldeak gisa honetako lehiaketa gehiago egingo ditu datozen aste eta hilabeteetan, eta beraz, bizkor ibili eta egin zaitez Uztarriako bazkide! Horretarako klikatu hemen eta abantaila ugariz gozatu ahal izango duzu.