50 urte beteko dituzte Egizale-Landeta eta Gure Ametsa soziedadeek

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 15a, 12:17
Jexux Odriozola 'Ponpi' herenegun danborradako entseguan. (Nerea Uranga)

50 urte beteko dituen Egizale-Landeta taldean danborra jotzen urte gehien daramatzana da Jexux Odriozola. Bestalde, Gure Ametsa taldea San Sebastian bezperako danborradan irten denetik, Manuel Altunak zuzendu du. 50 urte daramatza hutsik egin gabe Altunak.

19 urterekin irten zuen aurreneko aldiz Jexux Odriozola Ponpi-k (Azpeitia, 1955) helduen danborradan. Koadrilan, Egizale-Landeta taldean irten zuen orduan. Harrezkero, "bi-hiru urtetan ezik" urtero irten du danborra jotzen Landeta auzoko taldearekin. "Koadrilako beste guztiek danborradan irteteari utzi diote, eta gaur egun nik bakarrik segitzen dut", dio Odriozolak. Gaur egun Egizale-Landeta taldeko beteranoa da.

Egizale-Landeta taldeak aurreneko aldiz 1966ko San Sebastian bezperako danborradan parte hartu zuen; aurten 50 urte beteko ditu. Aurreneko urtean Napoleon jantziarekin irten zuten, baina bigarren urtetik baserritar jantziarekin ateratzen dira danborradan. Taldearen lehen zuzendaria Pedro Illarramendi izan zen. Gero, urte askotan, Eusebio Agotek zuzendu zuen. Gaur egun, berriz, bi aritzen dira txandaka: Josu Alberdi eta Ekain Garate.

Odriozolak danborradan irteten duenetik asko aldatu da danborrada bera: "Lehen serioagoa zen. Gainera, taldeen arropak asko aldatu dira, eta emakumeak sartu dira danbor taldeetan".

Helduen danborradan emakumeak danborra jotzen atera ziren  aurrenetako taldea izan zen Egizale-Landeta: "Nahiko eztabaida sortu zuen, baina pixkanaka parte hartzen hasi ziren, eta gaur egun emakume asko da taldean".

Lehen San Sebastian bezperako afaria elkartean bertan egiten zuten. Baina, 2005. urtetik Landeta auzoko jatetxeetan egiten dute, txandaka. "Urte horretan janzkera berria estreinatu genuen, eta danborrada aurreko afaria tabernetan egiten hasi ginen. Aurten, Landeta jatetxean egingo dugu". Danborradan 50 urte bete arren, betiko menua izango dute Egizale-Landetakoek.

Danborradako piezen artean gustukoena San Sebastian martxa du Odriozolak: "Polita da. Gaur egun jotzen diren pieza berri batzuk ere politak dira, baina baita zailagoak ere, esaterako Mandioko Polka".

Zarautzen bizi da Odriozola, eta Osintxun (Bergara) egiten du lan. Baina, hala ere, danborradako entsegu guztietara etortzen da: "Ahal dela den-denetara. San Sebastian bezperan danborradan irten eta hurrengo egunean ere lanera joaten naiz, goiz jaikita. Garai batean bezala, nahiz eta goizeko laurak arte ibili, hurrengo goizean zortzietarako lanera joaten naiz".

Gure Ametsaren erreportajea irakurtzeko egin klik hemen.