Azpeitiko bi gazte epaituko dituzte otsailean, terrorismoa goratzea eta erresistentzia egotzita

Uztarria.eus 2015ko urt. 15a, 11:10
Atzo agerraldia egin zuten bi auzipetuek, haien familiakoek, lagunek eta gertukoek nahiz Azpeitiko Libre taldekoek.

Datorren otsailaren 3an epaituko dituzte Orhantza Alegria eta Xabier Otamendi azpeitiarrak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bi gazteak 2010eko ekainean atxilotu zituen Ertzaintzak, egun haietan atxilotu berri zuten Iosu Urbieta Pow herritarraren askatasuna eskatzeko pintadak egitea leporatuta. Fiskalak bina urteko eta zortzina hilabeteko espetxe zigorraz gain, zortzi urteko inhabilitazioa, bien artean 4.020 euroko isuna ordaintzea eta bederatzi egunean gizarte-lanak egitea eskatu du bientzat. 

Datorren otsailaren 3an epaituko dituzte Orhantza Alegria eta Xabier Otamendi azpeitiarrak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bi gazteak 2010eko ekainean atxilotu zituen Ertzaintzak, egun haietan atxilotu berri zuten Iosu Urbieta Pow herritarraren askatasuna eskatzeko pintadak egitea leporatuta.

Fiskalak bina urteko eta zortzina hilabeteko espetxe zigorraz gain, zortzi urteko inhabilitazioa, bien artean 4.020 euroko isuna ordaintzea eta bederatzi egunean gizarte-lanak egitea eskatu du bi azpeitiarrentzat. Izan ere, Madrilgo auzitegiko fiskalak "terrorismoa goratzea" eta "erresistentzia" delituak egozten dizkie gazteei. 

Azpeitiko Libre lan-taldeak azaldu duenez, "terrorismoa goratzea egotzi diete Pou Askatu! idazteagatik eta, horregatik, bi urteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatu du fiskalak. Aldiz, erresistentzia delitua leporatu diete, atxiloketaren unean ihes egiten saiatzeagatik, eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute horregatik".

Azpeitiko Librek epaiketaren "bidegabekeria" azpimarratu du: "Zigor eskaerak guztiz neurriz kanpokoak direla uste dugu, eta guzti honen atzean, arrazoi politikoak daudela iruditzen zaigu. Atxilotutako herritar baten askatasuna eskatzea, Pou Askatu! idaztea, bi urteko espetxearekin zigortu nahi dute eta hori eskandalu demokratikoa da". Libreko kideek azaldu dutenez, "adierazpen askatasunaren aurkako erasoa" eta "gazteak beldurtzeko helburuz" egindakoa da zigor eskaera. "Bi gazteak espetxeratzeko inolako arrazoirik ez dagoela uste dugu", gaineratu dute.

"Euskal Herriak konponbidea nahi du, konponbidea behar du, eta bide hori egiteko horrelako epaiketa politiko guztiak desagertu behar dute", esan dute Libre lan-taldeko ordezkariek, bi auzipetuen senide eta lagunek, eta agerraldian ziren eta epaiketaren zain dauden zenbait herritarrek. Horregatik, hilaren 30ean, ostirala, epaituei babesa agertzeko argazki erraldoia ateratzeko hitzordua jarri du Azpeitiko Librek. Frontoi Txikian izango da, 19:30ean.

Ibargureni babesa

Atzoko agerraldian, bestalde, Eneko Ibarguren herritarraren egoera izan zuten gogoan. Izan ere, atzo, asteazkena, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko koartelera joan zen deklaratzera, "langileen aurkako delitua" leporatuta. Ibarguren 2013an atxilotu zuten, beste 17 lagunekin batera, Herrira-ren aurkako sarekadan. Azpeitiko Librek babesa agertu zion Ibargureni, eta "presoen eskubideen alde lan egitea kriminalizatu nahi dutela" salatu zuen.