Inauguratu dute Natul euskara taldearen erakusketa

Uztarria.eus 2015ko urt. 14a, 11:28

Natul euskara taldeak erakusketa jarri du Sanagustin kulturgunean, "elkartearen oinarriak ezagutarazteko". Atzo, asteartea, inauguratu zuten erakusketa eta otsailaren 10era arte egongo dira artelanak ikusgai kulturguneko hormetan. Hauek dira egitasmoan parte hartu duten artistak: Olatz Aguado, Itziar Aranguren, Jon Etxaniz, Naiara Goenaga, Iban Izagirre, Xanti Rodriguez, Iñaki Martinez, Enok Sudupe eta Lierni Varela.

"Euskara denon altxorra denez, Natulen helburuak ere denon helburuak izateko bidea urratu nahi du elkarteak", azaldu dute Natuleko kideek. Hori dela eta, taldearen oinarriak hamar esalditan banatu, eta Azpeitiko artistei eman dizkiete, artistek margolan, argazki, collage edo diseinuekin islatu ditzaten horiek. 

Erakusketak irauten duen bitartearako postontzi bat du jarrita Natul euskara taldeak Sanagustinen bertan, herritarrek beraien gustuko artelanak aukera ditzaten.

Behin erakusketa amaitzen denean, postontziko paper guztiak jaso eta lanak zozkatuko ditu Natulek botoa eman duten herritarren artean. Boza emateko aukera jarriko du taldeak sare sozialen eta natul.euskeraz@gmail.com helbidearen bidez ere.